Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Agustin Ortiz arduratuko da Eleizbarrutian biziera sagaratua suspertzeaz eta koordinatzeaz

created by ‘Confer Bilbao’ Erlijiosoen Eleizbarrutiko Kontseiluko presidente barria |
|   Komunikazinoa

Joan dan irailaren 28an, Agustin Ortiz misiolari klaratarra izendatu eben ‘Confer Bilbao’ Erlijiosoen Eleizbarrutiko Kontseiluko presidente, kargu horretan izan dan Mª Dolores Gorriz Jesusen Bihotza ordenako monjaren ordez. “Zerbitzu eta apaltasunetik” onartu dau erantzukizuna eta bere ustez ezinbestekoa da Bilboko Eleizbarrutian biziera erlijiosoa suspertzeko eta koordinatzeko organoa. Funtsezkoa deritzo, gainera, batzorde osatzen daben guztiek alkarlanean jarduteari. Honeek dira kideak: presidenteordea, Ana Rosa Ortega Berrizko Mesedetakoa; bokalak, Mateo Aguirre Jesuita, Juan Jose Brunet La Salleko Anaia eta Matilde Mena Hirukoiztar Kaputxinoa.

Zeintzuk dira biziera erlijiosoaren lehentasun eta erronkak?

Une honetan, lehentasun nagusia, ‘Confer Bilbao’ erakundearen eta eleizbarrutiaren, eta ‘Confer Euskadi’ eta ‘Confer nazionala’ dalakoen arteko hartu-emon eta koordinazino egokirako bidea jartea da. Biziera sagaratuari asko emoten deutsen beste erakunde batzukazko hartu-emona be landu beharra dogu. Bide eraginkorragoak bilatu behar doguz, susperketa sarean egin ahal izateko.

Eta beste erronka garrantzitsu bat, komunidadeakazko komunikazinoa eta hartu-emona da. Baten baino gehiagotan, zailtasunak izaten doguz gure proposamen eta barriak egokitasunez helarazoteko. Izan be, alde batetik, barri asko jasoten dogu eta gurea beste bat baino ez da; beste alde batetik, bide arinenak ez dira beti eraginkorrenak izaten. Sarritan, nekeza izaten da ‘Confer Bilbao’ batzordearen barruan dagozan komunidadeek zer espero daben jakitea be. Guzti horrek indarra kentzen deutso gure jarduerari.

Zeintzuk dira kurso honetarako gertaera garrantzitsuak?

Hiru arlotan batu daitekez: heziketa eta ospakizunaren inguruko jarduerak, partaidetza eta ordezkaritza beste foro batzuetan eta komunidakeakazko komunikazinoa.

Zeintzuk batzen dira ‘Confer Bilbao’ dalakoaren inguruan?

Une honetan, Bilboko Eleizbarrutiak biziera sagaratuko 150 komunidade inguru dago (monjen klausurako komentuak kanpoan itxita, ez dagoz-eta ‘Confer Bilbao’ batzordearen barruan), 100 komunidade inguru emakumeenak, 900 monja ingurugaz, eta 50 komunidade inguru gizonenak, 350 fraile ingurugaz. Bokazinoek behera egin dabenez, azken urteetan hainbat komunidade itxi da eta gora egin dau lekaide eta lekaimeen batez besteko adinak. Hori holan izanda be, biziera erlijiosoak, gaur egun be, gure eleizbarrutian Ebanjelioari eta Eleizari lotutako presentzia esanguratsua dauala esan daikegu, besteak beste, garatzen dauan egiteko ebanjelizatzaileagaitik (gizartean, hezkuntzan, alkarteetan, otoitzaren bidez…). Gaur be indarrean da “uzta ugaria da eta beharginak gutxi” Jesusen esaldia eta, horren aurrean, miresgarria da misinora sagaratutako gizon eta emakumeen eskaintza eskuzabala. Seguru laster jasoko doguzana eskuzabaltasun honen adibide zehatzak.

Agustin Ortiz