Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Agiria abade batek ustez portaera sexual desegokiak eduki ditualakoan jaso diran salaketen aurrean

created by Bilboko Gotzaitegia eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia |
|   Komunikazinoa

Bilboko Gotzaitegiak eta Euskalerriko Eskatuak Bizkaia mobimentuak baterako agiria kaleratu dabe abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan ustez portaera sexual desegokiak eduki ditualakoan jaso diran salaketen aurrean. Honako honegaz batera, gotzainak, jardunbide honetarako eskatzen dan lez, kasu honetarako ordezkari izendatu dauan Joseba Segura bikario nagusiak irakurri dauan agiri hori jasoten da. Guzti honen barri emon jako gaur goizean Begoñako Gogarte Etxean eleizbarrutiko eremu nagusietako arduradunei. Auzia herri mailan zein kanonikoki ikertzen dihardue eta, beraz, kaltetutako personen intimitate eskubideari eta salatutako abadearen errugabeasun-presuntzioari eutsi behar jake. Hona hemen agiria osorik:

Abade batek ustez portaera sexual desegokiak euki dituelakoan jaso diran salaketen aurrean Bilboko Gotzaitegiak eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak zera adierazi nahi dabe:

1. 2018ko azaroaren 1ean Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan izandako ustezko portaera sexual desegoki batzuren inguruko informazinoa jaso eban.

2. 2018ko azaroaren 26an, mobimentuak gotzainari azaldu eutsazan gertakariak.

3. Hurrengo egunean, gotzainaren dekretuz, aldez aurreko ikerketa prozesua hasi zan Elizaren gaur egungo protokoloak jarraituz eta salatutako abadea bere zeregin eta ekintza publiko guztietatik kendu zan, beti be dagokion errubakotasun presuntzinoa errespetatuz.

4. Aldez aurreko ikerketa hau abenduaren 5ean amaitu zan. Abenduaren 6an Fedearen Dotrinarako Kongregazinoaren esku itxi ziran agiri guztiak.

5. Abenduaren 7an, jakitun ipini zan Fiskaltza ikertutako gertakarien inguruan.

6. Bilboko Eleizbarrutiak eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuek kaltetutako personen eta honeen familien ondoan egon gura dabe eta euren esku jarri dabe profesionalen sostengua eta laguntzea.

7. Bilboko Eleizbarrutiak eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak tinko salatzen dabe personen askatasun sexualaren kontra euki daiteken edozein portaera. Aldi berean, beti legez, agintari zibilakaz kolaboratzeko prest agertzen dira behar dan guztietan.

8. Eleizbarrutiak abade gehienen eta Bizkaiko Eleizan heziketan eta erlijino arloetan dabilzan persona asko eta askoren jarrera eredugarria aitortzen dau. Halaber, prebentzinoan, akonpainamentuan eta heziketan bere eskuetan dagozan neurri guztiak bultzatzen jarraituko dau abadeen ministerioa zikinduko dauan edozein gertakari jazo ez daiten.

9. Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak nabarmendu egin gura dau taldeek zein begiraleek neska-mutilen osoko hazkunde personala euki daien egiten daben lana. Aldi berean, bere ekintzetan zein gizartean honako gertakariak prebenitzeko eta susterretik desagertzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dau.