Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Abestaldeek ez deutse Agate Deunari abestuko

|   Komunikazinoa

Ehunka abestalde atara ohi da gaurko egunez Bizkaiko herrietako kaleetara Agate Deunari abestera, bere egunaren bezperan –bihar, otsailak 5-. Baina, beste behin be, osasun egoerak eraginda, jai hau eta bere inguruko jarduera guztiak bertan behera geratu dira.

Gure inguruan, asko dira III. gizaldiko santa birjina eta martiri siziliar honen irudia gurtzen dabenak. Eleizbarrutiko 25 parrokiatan aurkitu daikegu Agate Deunaren irudia, baina bakar bateko titularra da: Kastrexanako parrokiakoa. Bertan ez da Eukaristiarik ospatuko bihar eta, urtero, Barakaldotik eta beste hainbat herritatik etorritako makina bat fededun batuz inguruan egiten dan erromeria be ez da ospatuko. Eta ez hilaren 5ean bakarrik, aurreko eta osteko domeketan be ehunka lagun joan ohi da ermitara ibilbideren batetik, gehienek Gurutzetan, Kastrexanan hasten dan bidea egiten badabe be.

Ermita ugari eskaini jakon Agate Doneari baina, gaur egun, gitxi batzuk baino ez dagoz zutik: Lartuendon (Gordexola), Ipiñaburun (Zeanuri), Bizkarregin (Dima), Lejartzan (Izurtza) eta Natxituan (Ea). Irudirik zaharrena, Itzurtzakoa da, hain zuzen be, “gotikokoa”. Lekeitioko erretaula nagusiko irudia XVI. gizaldiaren hasierakoa da. Irudi gehienak, errenazimenduaren amaierakoak dira, besteak beste Durangoko Andra Mari eleizako erretaula nagusian dagoana edo Orozkoko Olarteko San Bartolome eleizakoa.