Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Abesbatzen nazinoarteko topaketak Santurtzin

created by 38. ekitaldia |
|   Komunikazinoa

Bihartik datorren azaroaren 11ra arte, Abesbatzen Nazinoarteko Topaketen 38. ekitaldia ospatuko da Santurtziko Gorka Deuna eleizan. Kostaldeko herri honetako egutegian guztiz sustraituta dagoan gertaera kultural honetako emonaldiak barikuz eta zapatuz izango dira, iluntzeko 20:30etatik aurrera.

‘Lagun zaharrak’ abesbatzaren eskutik ospatuko dan jaialdiaren 38. ekitaldi honetan, zortzi kontzertu izango dira. Datozan lau asteburuetan, hainbat lekutatik –besteak beste Indonesia, Lituania eta EEBBetatik- etorritako abesbatzek jardungo dabe Gorka Deuna eleizako eszenatokian.

Bihar emongo jako hasiera jaialdiari Eider Torrijos eta Susana Cerro sopranoek lagunduta jardungo dauan Pedro Guallar organistaren emonaldiagaz. Zapatuz, urriak 21, Palentziako ‘Regina Angelorum’ koralak parte hartuko dau.

Urriaren 27an, Bilboko ‘Ars Viva’ taldearen kontzertua ospatuko da eta biharamunean, urriak 28, aurtengo egitarauko emonaldirik erakargarrienetako baten txanda izango da, Indonesiako ‘Batavia Madrigal Singers’ abesbatzarena.

Azaroaren 3an, Lituaniako ‘Liepaites Girl’s Choir’ neskatoen abesbatzak eskainiko dau kontzertua eta, zapatuz, azaroak 4, Estatu Batuetako ‘Collegiate Chorale University of Wyoming’ koruak.

Azken asteburuan, azaroak 10 eta 11, ‘San Anton’ abesbatzak eta ‘Lagun zaharrak’ koru antolatzaileak jardungo dabe.

Indonesiako 'Batavia Madrigal Singers' abesbatza