Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Abegiari eta behartutako lekualdetzeei buruzko alkarrizketa Etorkin eta Errefuxiatuaren egunean

created by Fabio Baggio Etorkin eta Errefuxiatuen arloko Vatikanoko idazkariordeak jardungo dau eguenez, 18:30etan |
|   Komunikazinoa

Datorren domekaz, irailak 27, Etorkin eta Errefuxiatuaren Munduko Eguna ospatuko da. “Jesukristo lez, ihes egitera behartuak” goiburuaren haritik, Frantzisko Aita Santuak dei egiten dau: “COVID-19aren pandemiak larritu egin dauan herrialdeetako barruko baztertutakoen egoera larriaren, askotan ezkutukoa dan zoritxarreko egoeraren aurrean” erantzuna emon daigula. Egun hau dala-eta, gure Eleizbarrutian jarduera ospatuko da internet bidez datorren eguenez, irailak 24, 18:30etan (esteka honen bidez sartu daiteke), “Abegiari eta behartutako lekualdetzeei buruzko alkarrizketa” izenburua ardaztzat hartuta. Fabio Baggio Etorkin eta Errefuxiatuen arloko Vatikanoko idazkariordeak, A. Roberto Ares Migrazinoei buruzko Azterlanetarako Comillaseko Unibersidadeko Institutuko eta Eskubidedun Migratzaileen Sareko zuzendariak eta Mª Francisca Sanchez Migrazinoetarako eta Giza Mobikortasunerako Gotzain Azpibatzordeko Idazkaritzako eta Eskubidedun Migratzaleen Sareko zuzendariak parte hartuko dabe. Abegiari lotutako hainbat lekukotasun be eskainiko da.

Gainera, On Joseba Segura gotzain laguntzailea izango da buru datorren domekaz, irailak 27, ospatuko dan kurtsoko lehenengo Meza latinoamerikarrean, Bilboko San Luis Beltran parrokian, 17:30etan. Bertan izango dira alkarte afrikarra, txinatarra, latinoamerikarra eta kulturarteko taldeak. Eta ‘Bizkaia isilik’ ekimenak hil honetan egingo dauan bilkuran (eguaztena, irailak 30, 19:00etan), eguneko goiburua -“ihes egitera behartuak”- aitatuko da, gizon eta emakumeak euren herrietatik botaten eta ihes egitera botaten dabezan nazinoarteko hitzarmenak gogora ekarteaz batera.

Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko ordezkariak egun honetarako idatzi dauan gutunean azaltzen dauanez, etorkinak hartzeko, babesteko, sustatzeko eta gizarteratzeko proposamenak gero eta indar eta zentzun gehiago dau errealidade honi erantzunez. “Geure egiten dogu proposamena eta adore emoten deutsegu gure alkarteei etorkinen aldeko konpromisoa biztu daien. Aita Santuak bere mezuan dinoanez, “euren aurpegietan, gose, egarri, biluzik, gaixo, atzerritar eta preso dan eta gure erantzunaren zain dagoan Kristoren aurpegia autortu behar dogu”.

Gehiago jakiteko eta kanpainako lagungarriak eskuratzeko: hemen.