Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Abadeentzako gogo-jardunak eta laikoen erretiroa, formatu barrian

|   Komunikazinoa

Abadeentzako Bikaritza Zerbitzua orain dala hogeta hamar urte inguru hasi zan eleizbarrutiko abadeentzako aste beteko gogo-jardunak urtero egiten. Azken urteotan, urtarrilaren bigarren aste inguruan ospatu izan dira talde bitan, euskerazkoak Begoñako Gogarte Etxean eta gaztelaniazkoak Larreako Gogarte Etxean. Ministerio Ordenaturako Idazkaritzak sustatzen dituan hitzordu bihorreek ohiko bihurtu dira eleizbarrutiko egutegian, baina aurton, osasun krisiaren eraginez, formatua aldatu egingo da eta ez dira leku horreetan batuko.

Aurton Ziortzan egitekotan ziran gaztelaniazko gogo-jardunen kasuan, online egingo dira, Francisco Jose Ruiz Perez Deustuko Unibertsitateko Teologia-fakultateko dekanoaren eskutik. Honek berbaldi eta hausnarketak grabatu egingo ditu eta eskuragarri izango dira web orrialde honetan urtarrilaren 10etik 15era, bakotxak ondoen dagokion orduan hartu eta erabili daizan. Ez dago apuntatu beharrik eta gura dauanak zuzenean eskuratu daikez grabazino horreek. Euskerazko taldeari dagokionez, oraingoan ez da gogo-jardunik izango, baina parte hartzeko ustea ebenek gaztelaniazko materialez baliatu daitekez.

Laikoak

Kurtso honetan, eta oraingoan be Covid-19aren eraginez, pastoral agindu ordaindua egiten daben laikoek be ez dabe gogarte etxe batean egun bi eta erdiz ospatzen daben ohiko erretiro-otoitzaldirik izango. Marisa Arias laikotzarako idazkaritzako zuzendariak azaldu dauanez, “horren ordez, eta gure espiritualtasuna lantzeko eremua ahalbideratzeko, gai beraren inguruan ospatuko diran saio labur bi proposatuko doguz”. Lehenengoa, urtarrilaren 25ean –astelehena- izango da, 10:00etatik 13:30etara eta bigarrena, apirilaren 27an –martitzena-, 16:00etatik 19:30etara. Ariasen esanetan, “egun bietan, tadean egindako otoitzaldiak emongo deutso hasiera saioari eta, ondoren, berbaldia izango da, geure barrualdean pandemia honen eta bere ondorioen oihartzunak entzun daiguzan. Bakarkako otoitzaldia izango dogu gero eta, amaitzeko, otoitz-ospakizunean batuko gara guztiok”. Javier Arellano Yanguas laiko eta Deustuko unibertsitateko gizarte eta giza zientzien fakultateko dekanoak gidatuko ditu saioak.

Diakonoak

Diakonoen asmoa, euren erretiroa otsailaren 6tik 10era egitea da. Gonzalo Eguia diakonoak azaldu dauanez, “batzeko aukerarik ez badogu, online egingo dogu”.