Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

8 emakumeren jarduna senidetasun handiagoko gizartearen alde

created by Autorpen instituzionala Bilboko Eleizbarrutiko 8 emakumeri |
|   Komunikazinoa

Datorren astelehenez, martxoak 8, ospatuko dan ekitaldi instituzionalean, Bilboko Eleizbarrutiak pandemia aldi honetan lehenengo lerroan izan dan hainbat eremu ordezkatzen daben 8 emakumeren lana autortuko dau. Toño Valdivieso artistak egindako lamina jasoz autormena jasoko daben emakumeek askotariko perfil eta ibilbideak dabez baina, alde batetik, danak dagoz Eleizari lotuta eta danek itzi dabe arrastoa gizartean. Hain zuzen be, honeek dira: Maria del Mar Alvarez Apostoliken gizarte jantokiko boluntario eta Autonomia-Indautxu Pastoral Barrutiko kidea; Marimar Gonzalez Zerbitzu Erlijiosorako Santa Marina ospitaleko taldeko kide eta HOAC mobimentuko (Ekintza Katolikoko Langile Ermandadea) militantea; Lourdes Amunategi Gernikako Kaltzada egoitzako laguntzaileen koordinatzaile eta pastoraltzako kide; Arantza Diego Begoñako Ave Maria ikastetxeko maistra eta gizarte-eskola laguntzarako boluntario Caritasen; Jaione Lopez elorriar gaztea, Kenyan misiolari izan zana pandemian; Araitz Peña Bizkaiko Euskalerriko Eskautetako begiralea, Mungiako Txispeleta eskaut taldeko kide eta fede-sustatzaile ohia; Mari Nieves Escobal bere egitekoa eta gaixorik eban senarraren zainketa buztartu behar izan ebazan Sopuertako katekista eta Gracia Garijo larrialdietarako sendagile anbulantzia medikalizatuan Muskizen eta Gatz eta Argi komunidadeko kidea.

On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea buru dala ospatuko da ekitaldia, Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian, datorren astelehenez, martxoak 8, eguerdiko 12:30etan. Zuzenean emongo da Eleizbarrutiaren web orrialde honen bitartez eta jente-kopuru mugatua sartu ahal izango da, aldez aurretik eskuratutako gonbidapenagaz. Iaz autormena jaso eben zortzi emakumeek be jaso dabe ekitaldi instituzionalean parte hartzeko gonbidapena.

Gizarte arreta eskainiz, lehenengo lerroan izan diran emakumeen lana autortu gura da aurton: arreta gizarte bazterketa jasaten dabenak; zailtasunak zailtasun, gaixoei pastoral arreta eskaini dabenak; pandemiak gogor astindutako gizataldeari zaintza eskaini deutsenak; euren heziketa-egitekoa aukera eta errealidade barrietan garatzen jarraitu eta aukera eta egoera barrietara egokitu dabenak; pandemiak eragindakoez gainera, egundoko zailtasunak dabezan herrialde eta egoeratan konprometituta dagozanak; aisialdian euren konpromiso hezigarriari eutsi deutsen eta egokitu daben emakume gazteak; pastoral egitekoa eta konpromisoa pandemia aldian garatu eta moldatu egin daben emakume zaintzaileak eta pandemiak eragindako egoera barrietan erantzun daben osasun arloko emakumeak.

Eleizbarrutiko agerkaria martxoaren 8a dala-eta

Aurreko urteetan lez, Langile Pastoraltzarako Bilboko Eleizbarrutiko taldeakAizu!!! agerkari barria kaleratu dau Emakumearen Egunaren inguruan, pandemia aldi honetan hainbat emakumek bizi dauan errealidade soziologikoa aztertuz. Batutako datuen arabera, “generoa dala-eta merkatuan desabantaila ugari jasaten daben emakume langileengan izan dabe egundoko eragina langabeziak, lanorduen murrizketak eta enpresen porrotak, desbardintasuna areagotuz".

Toño Valdiviesok egindako lamina pertsonalizatu bana emongo jake emakume omenduek.