Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

4.200 kofradetik gora Bilboko prozesinoetan

created by Gaur arratsaldez hasita |
|   Komunikazinoa

Datozan egunetan, Aste Santua dala-eta,14 prozesino eta Kurutze-bidea ospatuko dira Bilbon, 4.200 kofrade inguruk parte hartuko daualarik, 35 pausu (XVII-XXI gizaldietakoak) kalera ataraz. Badira laurehun eta berrogeta hamar urte ohitura honi ekin eutsenetik. On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain laguntzaile barria, Isiltasunaren eta Nazaretarraren prozesinoetan izango da.

Gaur, Nekaldiaren barikua, Doloretako Amaren prozesinoa atarako da kalera; Abandoko San Bizente Martiria parrokiatik abiatuko da iluntzeko 20:30etan. Bihar, zapatua, arratsaldeko 19:00etan, Samintasunaren Andra Mariaren prozesinoa atarako da jesuiten Indautxuko ikastetxetik. Domekaz, prozesino bi ospatuko dira: eguerdiko 12:00etan Abandoko San Bizente Martiria parrokiatik aabiatuko dan Astakumearen prozesinoa eta arratsaldeko 18:30etan Kurutzearen parrokiatik atarako dan Karidadearen Andra Mariarena.

Astelehen Santuz, Nazaretarraren prozesinoa Asisko San Frantzisko parrokiatik (quinta parroquia deitutakotik) atarako da 20:30etan. Martitzen Santuz, Pietatearen prozesinoa ibiliko da kalez kale, iluntzeko 20:30etan San Nikolas eleizatik atarata.

Eguazten Santuz, Bakardadearen Andra Mariaren prozesinoa abiatuko da Joan Santuak parrokiatik 20:30etan eta Eguen Santuz, Afari Santuaren prozesinoa, eleiza beretik 19:15etan atarako dana.

Bariku Santuz, Isiltasunaren prozesinoa egingo da, goizaldeko bostak eta erdietan hasita; Kurutze-bide Santua, Joan Santuak parrokian hasita, goizeko 7:30etan; Alkartzearen prozesinoa eguerdiko 12:30etan, Pilareko Ama parrokiatik atarata eta Hobiratze Santuaren prozesinoa, Joan Santuak parrokiatik abiatuta, 19:15etan. San Jose parrokian hasiko da, Zapatu Santuz, Itxaropenaren prozesinoa, 18:15eta. Pazko egunez, eguerdiko hamabietan, Argi eta Berbizkundearen prozesinoa ospatuko da, Santiago katedralean hasi eta bertan amaituko dalarik Bilboko gotzaina buru dala ospatuko dan Pontifize Mezagaz.

Datuak

Bilboko Aste Santua iragarteko kartelean, Eukaristia Santuaren kofradia agertzen da, 60 urte bete dituala-eta.

Nazaretarraren prozesinoak ibilbide barria izango dau aurton: Hurtado de Amezagan hasiko da eta Mariaren Bihotza plazan amaitu. Ibilbidea apur bat laburtu egin dabe eta leku zabalagoan amaituko da eta holan jenteak prozesinoaren amaieraz eta ohiko ibilbidean zein azken topaketan abestuko diran saetez erosoago gozatzeko aukera izango dau.

Barriztapena

Eguazten Santu arratsaldez, Bakardadearen Andra Mariaren prozesinoan, ezohiko gertaera izango da, Hiru Kurutzeen pausua atarako dabelako. Izan be, egun horretan aurkeztuko dabe barriro jentaurrean, azken urtean egindako osoko barriztapenaren ostean: eskulturak garbitu eta euren margoak finkatu eta leheneratu dabez eta anden urre-kolorean be egin dabez ikutuak.