Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“4.0 espiritualtasunerako, nahitaezkoa da uztartze pertsonal eta komunitarioa”

created by Sebas Mora, Eleizaren Gizarte Erakundeen VIII. Biltzarrean |
|   Komunikazinoa

Atzo ospatu zan Eleizaren Gizarte Erakundeen VIII. Biltzarra Eleizbarrutiko hainbat errealitate ordezkatzen eban 60 lagun ingururen partaidetzagaz. Sebas Mora Comillaseko Unibersidadeko irakasleen azalpenen haritik egin zan hausnarketan parte hartu eben, besteak beste, Caritaseko eta Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzako kide ugarik. Hizlariak funtsezko hainbat gairen inguruan jardun eban, besteak beste, bazterketa jasaten daben personek Eleizaren erakundeetan daukien edo euki beharko leukien esku hartzearen inguruan. Hona hemen ekainaren hasieran kaleratuko dan Alkarren Barri aldizkariaren kursoko azken alean argitaratuko dan alkarrizketatik ataratako hausnarketa batzuk.

Leku baztertuetatik parte hartzean oinarritzen da langaia. Nor aurkitzen dogu hor?

Eremu baztertu sakonak dagoz, gizartean partaide ez diran persona guztiak, hau da, aintzakotzat hartzen ez diranak, inork ikusten ez dituanak, inork jaramon egiten ez deutsenak, euren bazterketazko egoera ontzat joten dalako. Justifikatu egiten dogu euren egoera, beste aldera begiratzen dogu, sentimentalismo moduko batek ez deuskulako atsekabeari begiratzen izten.

Etika, mistika… eta, 4.0 espiritualtasuna?

4.0 espiritualtasuna garatuko bada, hiru eremu martxan jarri behar doguz. Lehenengoa, azaltzea da. Ezjakintasun informatuko baldintzen mendean dagoan gizartean bizi gara, hau da, informazino asko dogu, baina ezjakin samarrak gara jenteari pasatzen jakonaren inguruan, danoi pasatzen jakunaren inguruan.

Bigarrenik, uztartzea. 4.0 eredu honetan, oso konektatuta baina bape uztartuta egotearen tentazinoan jausi gaitekez. Etorkizunean, uztartze pertsonala, uztartze komunitarioa, une likidoetan balio sendoetara uztartzea oinarrizkoa izango dala uste dot.

Hirugarrenik, ezinbestekoa da eraikitzea edo berreraikitzea. Geure burua eskaini behar dogu baina erakunde barrietatik. Malguakoak diran, errealitateari hobeto egokituta dagozan erakundeetatik, ekoizpen edo irabazian ez ezik personarengan oinarritutako eredu ekonomiko barrietatik, partaidetza eredu barrietatik eta, jakina, erabat barria izango dan mundu honetan sortuko diran balio barrietatik.

Ze mezu azpimarratu beharko geunke zure berbaldiaren ostean?

Behartsuak dira Ebanjelioko Jainkoaren benetako arpegia.