Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 31-01-2021
domeka

urtean zehar, IV. astea domeka

Irakurgaia 1


Profetea sortuazoko dot herritarren artetik eta neure berbak ezarriko deutsadaz ahoan.

Deuteronomio liburutik
Dt 18, 15-20

Honan berba egin eutsan Moisesek herriari: «Jaunak, zuen Jainkoak, ni lako profetea sortuko dau zuen artetik, herritarren artetik. Entzun berari! Horixe da, Horeb mendian baturik zengozela, Jaunari, zeuen Jainkoari, eskatu zeuntsoena: "Ez dogu Jaunaren, geure Jainkoaren, ahotsa barriro entzun gura, ezta sute handi hori barriro ikusi gura ere, hil egingo gara-eta bestela".
Orduan, Jaunak esan eustan: "Ondo deritzot herriak esandakoari. Zu lako profetea sortuazoko dot herritarren artetik; neure berbak ezarriko deutsadaz ahoan eta Nik agindutakoa esango deutse. Profeteak nire izenean adierazoko dituan berbak onartuko ez dituanari, Neuk eskatuko deutsadaz kontuak. Baina Nik agindu bako berbea nire izenean adierazotera ausartzen dan profetea edota jainko arrotzen izenean hitz egiten dauana, hil egingo dabe"».

Salmoa


Sal 94, 1-2. 6-7abc. 7d-9

R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa: “Ez gogortu zuen bihotza”.

Zatoze, pozez ohiu egin deiogun Jaunari,
txalo egin deiogun salbamen dogun Arkaitzari.
Hurreratu gakiozan aurrera esker-kantuekin,
jai deiogun txalo eta eresiekin. R/.

Zatoze ahuspez gurtu dagigun,
egin gaituan Jaunari belaunikatu gakiozan.
Bera da-eta gure Jainkoa,
gu, barriz, Haren larrako herria,
Haren zainpeko artaldea. R/.

Entzungo al dozue gaur Haren ahotsa!:
“Ez gogortu zuen bihotza Meriban lez,
Masa egunean basamortuan lez.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduen,
Nik eginak ikusi arren tentatu ninduen. R/.

Irakurgaia 2


Neskatileak Jaunaren gauzetan dau ardurea, Berarentzat izateko.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 7, 32-35

Senideok: Zuek kezka barik bizitzea gura neuke. Ezkondubakoa Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin zelan emongo; ezkondua, barriz, munduko gauzez kezkatzen da, emazteari atsegin zelan emongo, eta bere barruan zatituta dago. Emakume ezkondubakoa eta neskatilea Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta gorputz eta arima Berari emonak bizi dira; ezkondua, barriz, munduko gauzez kezkatzen da, senarrari atsegin zelan emongo.
Hau zeuen onerako dinotsuet, ez zuei tranparik jarteko. Hau da gura dodana: modu egokienean bizi zaitezela, eragozpen barik Jaunari lotuak.

Ebanjelioa


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 21-28

Jesus eta ikasleak Kafarnaumera heldu ziran. Eta, zapatuan sinagogan sarturik, irakasten hasi zan Jesus. Jente guztia txunditurik egoan haren irakazpenaz, nagusitasunez irakasten eutsen-eta, ez lege-maisuek lez.
Bazan, hain zuzen, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihuka esan eban: «Zer dok gugaz, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua».
Jesusek gogor eraso eutsan: «Isildu hadi eta urten gizon horregandik!» Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutsan eta, garrasi handia eginez, urten egin eban gizonagandik.
Danak ikaraturik gelditu ziran, alkarri itaunka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zelako nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen deutse, eta obeditu egiten deutsoe!»
Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.