Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 30-05-2021
Hirutasun Santua
Hirutasun Santua

Irakurgaia 1




Deuteronomio liburutik
Dt 4, 32-34. 39-40

Honan berba egin eutsan Moisesek Israel herriari: “Itaundu antzinako sasoiei, zu baino lehenago izandakoei, Jaunak gizakia munduan sortu ebanetik hasita; itaundu ea inoiz holakorik jazo edo entzun izan dan munduaren ertz batetik besteraino. Bai ete da herririk, zuk lez Jainkoa suaren erditik berbetan entzun eta bizirik gelditu danik? Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste herri baten menpetik atara eta Beretzat hartzen ahalegindu danik? Bada, horixe egin eban Jaunak, zuen Jainkoak, zuen begibistan Egipton: ezaugarri, mirari eta egintza harrigarriez, burrukearen bidez, ahalmen handiz, esku indartsuz eta izua zabalduz askatu zinduezan.
Autortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dala Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik. Bete gaur emoten deutsudazan lege eta aginduak, zoriontsu izan zaitezen zeu eta zure ondorengo seme-alabak eta luzaro bizi, Jaunak, zeure Jainkoak, betiko emongo deutsun lurraldean”.

Salmoa


Sal 32, 4-5. 6 eta 9. 18-19. 20 eta 22

R/. Bai dohatsu Jaunak bere oinorde hautatu dauan herria!

Zuzena da Jaunaren berbea,
fidagarria Harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea ditu maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.

Jaunak bere berbaz egin dau ortzia,
bere aho-arnasaz astro guztiak.
Izan ere, Harek esan, eta dana egin zan;
Harek agindu, eta izaten dau jarraitzen. R/.

Jauna arduratzen da begirunea deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik eusteko. R/.

Guk Jaunagan dogu esperantzea,
Bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan jarrita dogu-eta itxaropena. R/.

Irakurgaia 2



San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 8, 14-17

Jainkoaren Espirituak gidatzen dituanak, horreetxek dira Jainkoaren seme-alaba. Zuek ez dozue hartu esklabo egiten zaituen espiritua, barriz ere bildurpean bizitzera eroango zaituena; zuek seme-alaba egiten zaituen Espiritua hartu dozue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!» deitzen deutsazue Jainkoari.
Espiritu berberak gure espirituagaz bat egiten dau Jainkoaren seme-alaba garala autortzeko; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; izan ere, nekeetan Kristoren kideko baldin bagara, aintzan ere haren kideko izango gara-eta.

Ebanjelioa


Aginpide oso-osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 28, 16-20

Aldi haretan, hamaika ikasleak Galileara joan ziran, Jesusek adierazo eutsen mendira. Ikusi ebenean, gurtu egin eben; batzuk, ostera, zalantzan egozan.
Jesusek, hurreraturik, honan berba egin eutsen: «Aginpide osoa emon deust Jainkoak zeru-lurretan. Zoaze, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bateatuz eta Nik agindu deutsuedan guztia beteten irakatsiz. Eta Ni zuekin izango nozue egunero munduaren azkenera arte».