Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 27-06-2021
domeka

urtean zehar, XIII. astea domeka

Irakurgaia 1


Deabruaren bekaizkeriaz sartu zan heriotzea lurrean.

Jakituria liburutik
Jkt 1, 13-15; 2, 23-24

Jainkoak ez eban heriotzea egin,
ez dau atsegin bizidunak galtzea;
izan ere, irauteko egin ebazan Harek gauza guztiak;
munduko izakiak osasungarri dira,
ez dabe euren barruan pozoi hilgarririk,
eta Heriotzeak ez dau lurrean aginterik,
hilezkorra da-eta zuzentasuna.
Hilezkor izateko egin eban Jainkoak gizakia,
bere izatearen irudira egin eban;
baina deabruaren inbidiaz sartu zan heriotzea munduan
eta harenak diranek jasango dabe.

Salmoa


Sal 29, 2 eta 4, 5-6. 11-12ª eta 13b

R/. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.

Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna, Heriotz-leizetik atara nozu,
zulora jaisteko zorian nengoala bizibarritu. R/.

Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une baterako da haren hasarrea,
bizi guztirako haren on izatea.
Arratsean negarra da gurean,
poz-oihua goizean. R/.

Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan zakidaz laguntzaile, Jauna».
Negarra dantza bihurtu deustazu,
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.

Irakurgaia 2


Zuen ugaritasunak, senide behartsuen urritasuna beteten dau.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 8, 7. 9. 13-15

Senideok: Gauza guztietan aberats zaree: sinesmenean, berba egiteko gaitasunean, jakintzan, danerako arduran eta guganako maitasunean; izan zaiteze aberats eskuzabaltasunean ere. Ezaguna dozue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zan zuekaitik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko. Arazoa ez da besteak nasai egoteko zuek larri egotea, guztien bardintasuna bilatzea baino.
Une honetan, zuen ugaritasunak hareen urritasuna konponduko dau, eta egunen baten hareen ugaritasunak zuen urritasuna konponduko dau; honan, bardintasuna izango da nagusi, Liburu Santuak dinoan lez: «Asko batu ebanak ez eukan larregirik, ezta gitxi batu ebanak ere gitxiegirik».

Ebanjelioa


Ume, zuri esaten deutsut: jagi zaitez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 5, 21-43

Aldi haretan, Jesus itsasoaz bestaldera bihurtu zanean, jente-talde handia batu jakon. Oraindino itsaso ondoan egoala, sinagogako buruzagietako bat etorri zan, Jairo eritzona; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen eutsan: «Alabatxoa hilzorian dot; zatoz haren gainean eskuak ezartera, osatu daiten eta bizi». Jesus haregaz abiau zan.
Jente asko joakon ondoren, estutzen. Bazan han emakume bat, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoana. Hamaika osagileren eskuetan jasatekoak jasandakoa zan, eta bere ondasun guztiak ere horretan emonak zituan; baina osatu beharrean, gero eta okerrago joian. Jesusen barri entzunda, jente artean atzetik joan eta jantzia ikutu eutsan, honan inoan-eta, bere artean: «Jantzia behintzat ikutzen badeutsat, osatuko naz». Une berean odol-jarioa gelditu jakon, eta gaitza osatua ebala sumau eban bere gorputzean.
Bat-batean igarri eutsan Jesusek holako indar batek urten eutsola barrutik eta, jente artean bihurturik, itaundu eban: «Nork ikutu deust jantzia?» Ikasleek erantzun eutsoen: «Hainbeste jentek estutzen zaituala ikusi, eta nork ikutu zaituan itauntzen dozu?» Baina Jesus ingurura begira ebilan, nork egin ete eutsan hori. Orduan, emakumeak, bildurrez dar-dar —ondo ekian-eta zer jazo jakon—, oinetara jausi eta egia osoa autortu eutsan. Baina Jesusek esan eutsan: «Alaba, zeure sinesmenak osatu zaitu; zoaz bakean, eta osatu bekizu gaitza».
Oraindino berbetan ziharduala, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziran, esanez: «Hil jatzu alabea. Zertarako emon neke gehiago Maisuari?» Baina Jesusek, berba horreek entzunik, sinagogako buruzagiari esan eutsan: «Ez izan bildurrik; zuk sinestu!»
Ez eutsan inori ere beragaz joaten itzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik.
Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi eban Jesusek hango istilua, jentea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan eutsen: «Zer dala-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatilea ez dago hilda, lo dago». Hareek barre egiten eutsoen.
Baina Jesusek danak kanpora bialdu ebazan eta, neskatilearen aitamak eta Beragaz zituanak harturik, neskea egoan tokira sartu zan. Neskeari eskutik heldu eta esan eutsan: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatila, zuri dinotsut, jagi zaitez). Bat-batean zutitu eta ibilten hasi zan, hamabi urte bazituan eta. Jente guztia harri eta zur gelditu zan. Jesusek zorrotz agindu eutsen inork ere ez egiala jakin. Eta neskatileari jaten emoteko esan eutsen.