Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 25-10-2020
domeka

urtean zehar, XXX. astea domeka

Irakurgaia 1


Alargunari eta umezurtzari kalterik egiten badeutsezue, sutuko da nire hasarrea zuen aurka.

Urteera liburutik
Ur 22, 20-26

Honan berba egiten dau Jaunak: «Ez txarto erabili, ez zapaldu etorkina, zuek ere etorkin izan zaree-eta Egipton.
Ez egin kalterik alargunari eta umezurtzari; izan ere, kalte egiten badeutsezue, hareek Nigana laguntza eske deadar egitean, entzun egingo deutset-eta, sutuko da nire hasarrea eta ezpataz hilgo zaituet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun, eta zuen seme-alabak umezurtz.
Zuekin bizi dan nire herriko behartsuren bati dirua maileguz emoten badeutsazu, ez izan zekena beragaz, ez ezarri interesik. Zeure lagun hurkoari soingainekoa hartzen badeutsazu bahituran, bihurtu egiozu eguzkia sartzerako; ez dau-eta hori beste estalkirik. Zegaz babestuko da, bestela, lo egiteko? Laguntza eske deadar egitean, entzun egingo deutsat, errukiorra naz-eta Ni».

Salmoa


Sal 17, 2-4. 47 eta 51ab

R/. Maite zaitut, Jauna, nire indar.

Maite zaitut, Jauna, nire indar!
Jauna da nire haitz, nire gaztelu,
Bera nire askatzaile. R/.

Ene Jainko, nire harkaitz babesgarri,
nire babeski eta salbamen-indar,
nire gordeleku goresgarri.
Dei egin neutsan Jaunari,
eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.

Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
Goratua nire Jainko salbatzailea.
Garaipen handiak emon deutsoz erregeari,
maitasuna agertu deutso bere igurtziari,
Davidi eta honen ondorengoei betiko. R/.

Irakurgaia 2


Sasijainkoetatik bihurtu zineen, Jainkoaren morroi izateko eta bere Semearen zain egoteko.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ts 1, 5c-10


Senideok: Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala. Eta zuek gure eta Jaunaren ereduari jarraitu zeuntsoen, Espiritu Santuaren pozez onartu zenduen-eta Jainkoaren mezua, atsekabe askoren artean izanda ere. Holan, eredu zaree Mazedoniako eta Akaiako fededun guztientzat.
Izan ere, zuenetik zabaldu da Mazedoniara eta Akaiara Jaunaren mezua; eta eskualde horreetara ez ezik, bazter guztietara heldu da Jainkoagan dozuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan behar barik. Izan ere, eurek kontetan dabe zelako harrerea egin zeuskuen zuekana joan ginanean eta zelan, sasijainkoak itzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana bihurtu zineen, Berau zerbitzeko eta zerutik etorriko dan beraren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hildakoen artetik biztu eban Jesus, eta Honek askatu gaitu etortekoa dan hasarre-zigorretik.

Ebanjelioa


Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, eta zure lagun hurkoa zeure burua lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 22, 34-40

Aldi haretan, Jesusek saduzearrak berba barik itzi ebazala jakitean, alkarregaz batu ziran fariseuak, eta euren arteko lege-gizon batek azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»
Jesusek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz". Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: "Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez". Agindu bi honeetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».