Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 25-07-2021
Santiago, apostolua

Irakurgaia 1


Herodes erregeak Santiagori ezpataz samea ebagi eutsan.

Apostoluen Eginak liburutik:
Egun hareetan, apostoluek ahalmen handiz egiten eben Jesus Jaunaren biztuerearen autormena, eta herrian mirari eta egintza harrigarri asko jazoten ziran hareen eskuz. Eroan ebezan apostoluak Batzar Nagusiaren aurrera, eta Abade nagusiak esan eutsen: Ez al geuntsuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, barriz, Jerusalem osoa bete dozue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzearen erantzukizuna guri leporatu gura deuskuzue.
Pedrok eta beste apostoluek erantzun eben: Jainkoaren esana egin behar da lehenengo, ez gizakiena. Gure asaben Jainkoak biztu egin dau zuek egur batetik zintzilik hil zenduen Jesus. Jainkoak goratu egin dau bere eskumaz, Buruzagi eta Salbatzaile eginez, Israeli bihozbarritzea eta pekatuen parkamena emoteko. Geu gara gauza honeen testigu, geu eta esaneko jakozanei Jainkoak emoten deutsen Espiritu Santua.
Erantzun honek bere onetik atara zituan, eta hil egin gura ebezan apostoluak. Herodes erregeak Joanen anaia Santiago ezpataz hilazo eban.

Salmoa


Sal 66, 2-3. 5. 7-8

R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek, ospatu zagiezala herri guztiek.

Erruki bekigu Jainkoa, bedeinkatu gagizala,
Agertu deigula aurpegi alaia;
ezagutu dagien lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena. R/.


Poztu bediz kantari atzerriak,
zuzenbidez daroazu-eta izadia;
zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak. R/.

Lurrak bere uzta emon dau,
Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
Jainkoak bedeinkatu gagizala,
lur-bazter guztiek bildur deutsoela. R/.

Irakurgaia 2


Edonon eta beti Jesusen heriotzea daroagu gorputzean.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 4, 7-15

Senideok: Altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daroagu, argi agertu daiten honenbesteko indarra Jainkoagandik datorrela eta ez gugandik. Alde guztietatik estutzen gaitue, baina zapaltzen ez; larri gagoz, baina etsita ez; erasopean bai, baina eskutik itzita ez; lurrera botaten gaitue, baina hondatzen ez; edonon eta beti Jesusen heriotzea daroagu gugan, Jesusen bizia ere gugan agertu daiten.
Bizi garan bitartean, beti heriotzara garoez Jesusegaitik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere agertu daiten.
Hau dino Liburu Santuak: «Sinestu neban, eta horregaitik berba egin neban». Guk ere, sinesmen -espiritu bera dogula, sinesten dogu eta horregaitik hitz egiten dogu, jakinik, Jesus Jauna biztu dauanak biztuko gaituala gu ere Jesusegaz, eta beronen ondoan ipiniko gaituala zuekin batera. Guzti hau zuen onerako da, Jainkoaren dohaia askogana zabaltzean, esker ona ere ugaritu daiten, Jainkoaren aintzarako.

Ebanjelioa


Nire kaliza edango dozue.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 20, 20-28

Aldi haretan, zebedeotarren ama hurreratu jakon Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek itaundu eutsan: «Zer gura dozu?» Eta berak: «Agindu egizu nire seme bi honeek, bata zure eskuman eta bestea zure ezkerrean jesarri daitezala zure erreinuan».
Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen dozuen. Gauza al zaree Nik edan behar dodan kopatik edateko?» Erantzun eutsoen: «Bai, gauza gara!» Jesusek orduan: «Nire kopatik edan, bai, edango dozue; baina nire ezker-eskuma jesarte hori, ez dago nire esku inori emotea; nire Aitak norentzat prestauta dauan, hari emongo jako».
Beste hamarrak, hori entzutean, biziro hasarre jarri ziran anaia biekin. Baina Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen ditueela herriak, eta handikiek euren agintea ezarten deutseela. Ez bedi izan holan zuen artean; zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez da-eta etorri zerbitua izatera, zerbitzera baino, eta bere bizia guztien ordainsari emotera».