Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 24-01-2021
domeka

urtean zehar, III. astea domeka

Irakurgaia 1


Ninivetarrak euren bide okerretik bihurtu ziran.

Jonas Profetearen liburutik
Jon 3, 1-5. 10

Jaunak barriro berba egin eutsan Jonasi eta esan eutsan: «Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».
Ninivera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutsan lez. Ninive uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninive birrindua izango da».
Sinestu eutsoen ninivetarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben, eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran.
Ikusi eban Jainkoak ninivetarrek egin ebena eta euren bide okerretatik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz, eta ez eban bete.

Salmoa


Sal 24,4-5.6 eta 7cd.8-9

R/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
irakatsi zeure bideziorrak.
Ibiliazo nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea,
Zugan itxaroten dot eten barik. R/.

Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna: *
betikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari jagokonez, Jauna. R/.

Ona eta zuzena da Jauna:
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

Irakurgaia 2


Iheskorra da mundu honetako irudia.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 7, 29-31

Senideok: Epea laburtu egin dala dinotsuet. Beraz, gelditzen jakun denboran, ezkonduak bizi beitez ezkondurik ez balegoz lez; negar dagitenak, negar egingo ez balebe lez; pozik dagozanak, pozik ez balegoz lez; erosten dabenak, ezer ez baleuke lez, eta mundu honetako gauzez baliatzen diranak, baliatuko ez balira lez; izan ere, mundu hau, oraingo bere itxuran, desagertzear dago.

Ebanjelioa


Bihozbarritu zaiteze eta sinestu barri ona.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 14-20

Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barriona iragarten eban. Honan esaten eban: «Betea da sasoia, eta hur da Jainkoaren erregetza. Bihozbarritu zaiteze eta sinestu Barriona».
Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Nigaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aurreratxoago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster, dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo mutilekin ontzian itzirik, Jesusen ondoren joan ziran.