Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 23-05-2021
Mendekoste jaia

Irakurgaia 1


Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran eta berba egiten hasi.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 2, 1-11

Pentekoste-eguna heldu zanean, leku berean baturik egozan ikasle guztiak. Bat-batean, haize-bolada indartsu batena lako zaratotsa etorri zan zerutik eta ikasleak egozan etxe guztia bete eban. Orduan, suzko mihinak lako batzuk agertu jakezan, eta, banatuz, bakoitzaren gainean kokatu ziran. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran eta hizkuntza arrotzez berba egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten eutsan lez.
Bazan egun hareetan Jerusalemen judu jainkozalerik asko, zerupean diran herri guztietakoak. Zaratots ha entzutean, jentetza handia batu zan eta harrituta gelditu ziran, nork bere hizkuntzan berba egiten entzuten eutsen-eta.
Harri eta zur, honan inoen: «Berba egiten dabenok, ez al dira guztiak galilearrak? Zelan entzuten deutsegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badira partiar, mediar eta elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton eta Asian bizi diranak ere; badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto eta Zirane inguruko Libiakoak, baita erromatarrak ere; eta danok, judu nahiz judu barri, kretar nahiz arabiar, geure hizkuntzetan entzuten deutsegu Jainkoaren egintza harrigarriak iragarten».

Salmoa


Sal 103, 1ab eta 24. 29-30. 31 eta 34

R/. Bialdu egizu, Jauna, zeure arnasea, eta barrituazo lur-azala.

edo Aleluia.

Ene arima, goratu egizu Jauna!
Guztiz handi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari dirala, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago! R/.

Aurpegia gordeten badozu, ikara dira,
arnasea kentzen badeutsezu, hilten,
euren hautsetara dira bihurtzen.
Zure arnasea bialtzen badozu,
izatea emoten deutsezu;
lur-azala barriazoten dozu. R/.

Izan bedi Jaunaren ospea sekuletan,
poztu bedi Jauna, Berak eginetan.
Atsegin bekio nire olerkia,
nire poza da Jainkoa. R/.

Irakurgaia 2


Gu guztiok Espiritu bat berean izan gara bateatuak, gorputz bat bakarra egiteko.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 12, 3b-7. 12-13

Senideok: Ezin dau inork esan «Jesus da Jauna!» Espiritu Santuak eraginda ez bada.
Era askotakoak dira dohaiak, baina bat bakarra Espiritua; era askotakoak zerbitzuak, baina bat bakarra Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat bakarra Jainkoa, guztiekan guztia egiten dauana. Bakoitzari guztien onerako emoten deutsoz Jainkoak Espirituaren dohaiak.
Gorputzak, bat izanik ere, atal asko ditu; baina atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat bakarra osotzen dabe. Gauza bera jazoten da Kristogaz ere. Gu guztiok, judu nahiz greziar, esklabo nahiz libre, Espiritu bat berean izan gara bateatuak, gorputz bat bakarra egiteko. Eta guztiok Espiritu bat beretik edan dogu.

Ebanjelioa


Aitak Ni bialdu nauan lez, holantxe bialtzen zaituet Nik zuek: Hartu egizue Espiritu Santua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 20, 19-23

Astearen lehenengo egunean, ilunabarrean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, juduen bildurrez. Sartu zan Jesus eta, erdian jarririk, esan eutsen: «Bakea zuei». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Ikasleak pozez bete ziran, Jauna ikustean.
Jesusek barriro esan eutsen: «Bakea zuei. Aitak Ni bialdu nauan lez, Nik zuek bidaltzen zaituet». Eta hareen gainera arnasea botaz, esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua. Zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatu egingo deutsez Jainkoak ere; zuek parkamena ukatzen deutsezuenei, ukatu egingo deutse».