Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 21-02-2021
domeka

garizuma, I. astea domeka

Irakurgaia 1


Jainkoaren ituna uholdetik onik urtendako Noegaz.

Hasiera liburutik
Has 9, 8-15

Egun hareetan, Jainkoak esan eutsen Noeri eta beronen semeei: «Hara, ituna egiten dot zuekaz eta zuen ondorengoakaz, baita zeuekaz dozuezan bizidun guztiakaz ere: hegazti, abere eta lurreko piztiekin, ontzitik urten eta lurrean bizi diran guztiekin. Hona, zuekin ituna eginez, emoten deutsudan berbea: ez dauala uholdeak barriro bizidunik hondatuko, ez dala aurrerantzean lurra hondatuko dauan uholderik izango».
Jainkoak esan eban gainera: «Hau da zuekin eta zuen artean bizi diran bizidun guztiekin belaunez belaun eta betiko egiten dodan itunaren ezaugarria: neure ortzadarra ipiniko dot hodeietan, eta bera izango da lurragaz egiten dodan itunaren ezaugarri. Nik zerua lainotzean, ortzadarra agertuko da hodeietan, eta gogoratuko naz zuekin eta bizidun guztiekin dodan itunaz, eta ez da izango gehiago bizidunak hondatuko dituan uholderik».

Salmoa


Sal 24, 4-5. 6 eta 7cd. 8-9

R/. Zure bidezidor guztiak grazia eta leialtasuna,
Jauna, zure ituna gordeten dabenentzat.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
irakatsi zeure bideziorrak.
Ibiliazo nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zu zara-eta nire Jainko salbatzailea,
Zugan itxaroten dot eten barik. R/.

Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna:
betikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari jagokonez, Jauna. R/.

Ona eta zuzena da Jauna:
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

Irakurgaia 2


Ur ha, orain zuek salbatzen zaituen Bateoaren irudia da.

San Pedro Apostoluaren lehenengo gutunetik
1 P 3, 18-22

Senide maiteok: Kristok heriotzea jasan eban pekatuakaitik behin betiko —Errubageak errudunakaitik—, zuek Jainkoagana eroateko. Gizakia zanez, heriotzea jasan eban, baina bizia hartu eban barriro Espirituagandik. Espirituaren eraginez joan zan bere mezua iragartera giltzapetuak egozan espirituei, sasoi batean sinesgogor izan ziranei; Noeren egunetan, harek ontzia egin bitartean, Jainkoa pazientziaz egon jaken zain; baina kutxan banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun guztira, izan ziran uraren bidez salbatuak.
Ur ha orain zuek salbatzen zaituen Bateoaren irudia da. Eta Bateoa ez da gorputzeko zikina garbitzea, Jainkoari konzientzia garbia eskatzea baino, Jesu Kristoren biztuerearen bitartez. Jesu Kristo, zerura igon ondoren, Jainkoaren eskumaldean dago eta menpean ditu aingeruak, aginteak eta indarrak.

Ebanjelioa


Satanasek Jesus tentau, eta aingeruak zituan zerbitzari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 12-15

Aldi haretan, Espirituak basamortura bultzatu eban Jesus. Berrogei egunez egon zan basamortuan, Satanasek tentatzen ebala. Basapiztien artean bizi zan eta aingeruak zituan zerbitzari.
Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barri Ona iragarten eban. Honan esaten eban: «Bete da epea, eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihozbarritu zaiteze eta sinestu barri ona».