Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 20-09-2021
astelehena

urtean zehar, XXV. astea astelehena

Irakurgaia 1


Jainkoaren herriko diranak igon begie Jerusalemera eta eregi begioe etxe bat Jaunari.

Esdrasen liburuaren hasierea
Esd 1, 1-6

Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetearen ahoz Jaunak esana bete eitean, Jaunak Pertsiako errege Zirori barrutik eragin eutsan, eta harek agindu hau zabaldu eban, hitzez eta idatziz, bere erreinu osoan:
«Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen Berari tenplua eregiteko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon begie Judako Jerusalemera, eta eregi begioe etxea Jerusalemen dagoan Jainkoari, Israelen Jainko Jaunari. Bizirik gelditutako israeldarrei lagundu begie bizi diran inguruko jenteak: emon begiez zidarra, urrea, ondasunak, abereak eta nork bere borondateko opariak, Jerusalemen dagoan Jainkoaren tenplurako"».
Orduan, urteteko prestatu ziran Judaren eta Benjaminen familietako buruak, abadeak eta levitarrak, hau da, Jerusalemen dagoan Jaunaren tenplua eregitera joateko Jainkoak barrutik eragin eutsen guztiak. Auzokoek eskuzabal lagundu eutseen, eta zidar eta urrezko ontziak, ondasunak, abereak eta bitxi ederrak emon eutseezan, nork bere borondatez eskeinitakoaz gainera.

Salmoa


Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6

R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde.

Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.

Jentil-herrietan ere esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.

Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez dabe batzen. R/.

Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-balak ekarriz. R/.

Ebanjelioa


Argimutilaren gainean ipinten da argia, sartzen diranek argia ikusi dagien.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 16-18


Aldi haretan, Jesusek esan eutsan jenteari: «Inork ez dau kruseilua biztuten eta ontzipean gordeten edo ohepean ipinten; argimutilaren gainean ipinten dau, sartzen diranek argia ikusi dagien. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez danik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez danik.
Kontu izan, beraz, zelan entzuten dozuen! Izan ere, daukonari emon egingo jako; ez daukonari, ostera, euki uste dauana ere kendu egingo jako».