Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 17-09-2021
barikua

urtean zehar, XXIV. astea barikua

Irakurgaia 1


Zuk, ostera, Jainkoaren gizon horrek, bilatu egizu zuzenbidea.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik
1 Tm 6, 2c-12

Anaia maite: Hau da irakatsi eta aholkatu behar dozuna. Besterik irakasten dauana eta Jesu Kristo gure Jaunaren berba osasungarriari eta jainkozaletasunaren araberako irakaspenari egokitzen ez jakona harrokeriak itsututako ezjakina da, eztabaida eta berba hasarrekoietarako joera gaixoa dauana. Hortik sortzen dira bekaizkeriak, auziak, irainak eta susmo txarrak, eten bako hasarreak; horreetan diharduenak burua galdutako jentea dira, egiaren zentzun barik; horreek irabazpide bihurtzen dabe erlejinoa.
Irabazi handia dau, bai, erlejinoak, baina bakotxa dauanagaz konformatu ezkero; ez dogu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dogu ezer eroan ere. Beraz, zer jan eta zer jantzi izan ezkero, nahikoa dogu. Aberats izan gura dabenak tentaldiaren sarean eta gizakia hondatzen eta galtzen daben grina zoro eta kaltegarri askotan jausten dira; izan ere, dirua da gaitz guztien zuztarra; diruaren gogo biziagaitik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko Beraganatu dau askok.
Zuk, ostera, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu guzti horreetatik eta ahalegindu zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eroapenean eta otzantasunean. Ekin sinesmenaren burruka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, haretarako deitu deutsu-eta Jainkoak eta fede-autormen bikaina egin dozu-eta, testigu askoren aurrean.

Salmoa


Sal 48, 6-8.9-10.17-18.19-20

R/. Zorionekoak gogoz behartsu diranak, eurena dabe-eta zeruetako erreinua.

Zergaitik izan bildur zoritxar-egunean,
maltzurren gaiztakeriek inguratzen nauenean
Euren ondasunetan dabe horreek konfiantzea
eta euren aberastasun handiaz harrotzen dira. R/.

Hara, gizakiak ezin dau bere burua askatu,
ezta Jainkoari bere biziaren erospen-saria ordaindu ere.
Karuegia da biziaren erospen-saria,
noizbait ordaindu ahal izateko.
Amai barik biziko ete da, bada?
Ez al dau inoiz hilobia ikusiko? R/.

Ez izan bildur norbait aberasten bada,
bere etxeko ondasunak areagotzen baditu:
hiltean ez dau beragaz ezer eroango,
aberastasunak ez deutso jarraituko. R/.

Bizi zala, bere burua zoriontzen eban:
«Goratu egiten haue, dana ondo doakialako».
Baina arbasoen artera joango da,
gehiago argirik ikusiko ez dabenengana. R/.

Ebanjelioa


Jesusegaz ebilzan emakume batzuk, eta euren ondasunekin laguntzen eutsoen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 8, 1-3

Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zan Jesus, Jainkoaren erregetzaren Barriona iragarten. Beragaz ebazan Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik osatu ebazan emakume batzuk ere: Maria Magdalena —honegandik zazpi deabru bota ebazan—, Joana —Herodesen etxezain Kusaren emaztea—, Susana eta beste asko; honeek euren ondasunez laguntzen eutseen Jesusi eta honen ikasleei.