Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 27-07-2021
martitzena

urtean zehar, XVII. astea martitzena

Irakurgaia 1


Jaunak aurpegiz aurpegi berba egiten eban Moisesegaz

Urteera liburutik
Ur 33, 7-11; 34, 5b-9. 28

Egun hareetan, hartu eban Moisesek txabolea eta kanpalekutik urrun ezarri eban, eta "Alkarketa-txabolea” emon eutsan izena. Jaunari kontsultau egin gura eutsana, kanpalekutik aparte egoan alkarketa-txabolara joaten zan.
Moisesek txabolara joateko urteten ebanean, herri osoa, nor bere txabolearen sarreran zutunik, Moisesi begira egon ohi zan, ha txabolara sartu arte. Moises han sartu orduko, lainozko habea jasten zan eta txabolearen sarreran gelditzen, Jaunak Moisesegaz berba egiten eban bitartean. Lainozko habea txabolearen sarreran geldi ikustean, herri osoa ahuspez jarten zan, nor bere txabola aurrean. Jaunak aurrez aurre egiten eban berba Moisesegaz, lagunak lagunagaz egiten dauan lez. Gero, Moises kanpalekura bihurtu ohi zan; baina haren laguntzaile gaztea, Josue, Nunen semea, ez zan txabola barrutik aldentzen.
Moisesek Jaunaren izenari dei egin eutsan. Moisesen aurretik igaro zan Jauna, hau iragarriez: «Jauna, Jauna, Jainko bihozbera eta errikutsua, hasarregaitza eta ondoguraz eta leialtasunez betea! Bere onginahia milagarren belaunaldiraino gordeten dauana, eta gaiztakeria, errebeldia eta pekatua parkatzen dituana; erruduna, ostera, zigor barik izten ez dauana, gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen dauana baino, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino». Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zan Moises eta esan eban: «Jauna, gogoko banozu, zatoz, arren, gugaz! Herri hau burugogorra da, bai; baina parkatu Zuk gure gaiztakeriak eta pekatuak, eta hartu gagizuz zeure ondaretzat».
Berrogei egun eta berrogei gau egon zan Moises mendian Jaunagaz. Ez eban ezer jan, ez edan. Han idatzi ebazan harlauzatan itunaren erabagiak, hamar aginduak.

Salmoa


Sal 102, 6-7. 8-9. 10-11. 12-13

R/. Bihozpera eta errukiorra da Jauna.

Jaunak justizia egiten dau,
zapaldu guztien eskubideak defendatzen ditu.
Bere egitasmoak erakutsi eutsazan Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R/.

Bihozpera eta errukiorra da Jauna,
hasarregaitza eta ongiguraznahiz betea.
Ez dihardu eten barik auzitan,
ez dau betiko gordeten hasarrea. R/.

Ez gaitu erabilten gure pekatuek merezi daben lez,
ez deusku ordaintzen geure erruen arabera.
Zelan zerua lurraren gainean garai,
halan haren maitasuna begirune deutsoenentzat handi. R/.

Zelan ekialdea mendebaldetik urrun,
halan ditu Harek gure hobenak gugandik urruntzen.
Zelan aita seme-alabentzat errukior,
halan Jauna begirune deutsoenentzat gupidatsu. R/.

Ebanjelioa


Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, holan izango da munduaren azkenean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 13, 36-43

Aldi haretan, jentea agurturik, etxera joan zan Jesus. Orduan, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Argitu egiguzu soloko galbedarraren parabolea».
Jesusek erantzun eutsen: «Hazi ona ereiten dauana Gizonaren Semea da, soloa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; galbedarra, barriz, gaiztoarenak; galbedarra erein dauan arerioa deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-batzaileak aingeruak.
Galbedarra batu eta sutan erreten dan lez, holan jazoko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bialduko ditu, eta haren erreinutik bereiztu egingo dabez gaizkileak eta besteentzat gaizpide izan diranak, eta su-labara botako dabez. Han izango dira negarra eta agin-karraskadea! Orduan, zintzoek eguzkiak lez egingo dabe distira, euren Aitaren erreinuan. Belarririk daukonak entzun begi».