Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 23-07-2021
Brigida, lekaimea

Irakurgaia 1


Bizi naz; ez ni, ostera; Kristo bizi da nigan.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei

Senideok: Ni legeak eroan ninduan legeagazko lokarria etetera, Jainkoarentzat biziteko. Kristogaz kurutzeraturik nago, eta honezkero ez naz ni bizi, Kristo bizi da nigan. Eta oraingo nire giza bizitza, bere bizia nire alde emoteraino maitatu ninduan Jainkoaren Semeaganako sinismenean oinarriturik bizi dot.

Salmoa


Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9. 10-11

R/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna.

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta Harek erantzun,
bildur guztietatik libratu ninduan. R/.

Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Errukarri honek dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik salbatu eban. R/.

Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
Hari begirunea deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna:
zorionekoa Haregan babesten dana. R/.

Izan Jaunari begirunea zuek, Hari sagaratuok,
ez jake-eta ezer falta begirunea deutsoenei.
Aberatsek ere ezagutzen dabe beharrizana eta gosea,
Jaunagana joten dabenei ez jake onik falta. R/.

Ebanjelioa


Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 15, 1-8

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena inausi egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon dagian. Zuek garbi zagoze dagoaneko, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Zagoze Nigan, Ni zuekan lez. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, ezta zuek ere, Nigan ez bazagoze.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau; Ni barik ezin dozue-eta ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botaten dabe, ebagi eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe.
Nigan bazagoze eta nire hitzak zuekan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».