Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 20-07-2021
martitzena

urtean zehar, XVI. astea martitzena

Irakurgaia 1


Israeldarrak itsasoan barrura sartu ziran, oinik busti barik.

Urteera liburutik
Ur 14, 21—15, 1

Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Moisesi: «Zergaitik dihardue oihuka? Esan israeldarrei egiteko aurrera. Eta zuk jaso zeure makilea eta luzatu eskua itsaso gainera: erdi bi egingo da itsasoa eta israeldarrak erditik igaroko dira, oinik busti barik. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak, ondotik jarraitu deizueen eta neure aintza agertuko dot faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdi eta zaldizkoen lepotik. Orduan jakingo dabe egiptoarrek Neu nazala Jauna, neure aintza agertuko dodanean faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdi eta zaldizkoen lepotik».
Israelen kanpamendu aurretik joian Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zan; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zan, israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zan, eta ezin izan ziran gau osoan alkarrengana hurreratu.
Luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, sortaldeko haize indartsuak jo eban gau guztian. Haizeak itsasoa lehortu eban, eta urak banandu egin ziran. Israeldarrak itsasoan barrura sartu ziran, oinik busti barik, urak ezker-eskuma ebezala harresi antzera. Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldizko guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziran.
Goiz aldean, Jaunak su eta laino-adarretik egiptoarren gudarosteari begiratu eutsan eta nahastea sortu eban harengan. Gurdien gurpilak trabatu ebazan, nekez mugitzen zirala geldituz. Orduan, egiptoarrek esan eben: «Goazen ihesi israeldarrakandik, Jaunak hareen alde eta gure aurka dihardu-eta.».
Baina Jaunak esan eutsan Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, hareen gurdi eta zaldizkoen gainera, bihurtu daitezan». Luzatu eban Moisesek eskua itsaso gainera; eguna argitzean urak ohiko lekura bihurtu ziran, eta egiptoarrek, ihes egiteko ahaleginean, uragaz tupust egin eben: Jaunak itsasondora amildu ebazan egiptoarrak. Euren lekura bihurtzean, urek estaldu egin ebezan israeldarren atzetik itsasoan sartu ziran gurdi, zaldizko eta faraoiaren gudaroste osoa: ez eban bat bakarrak ere bizirik urten. Israeldarrak, barriz, oinik busti barik igaro ziran itsas erditik, urak ezker-eskuma ebezala harresi antzera.
Egun haretan Jaunak salbatu egin eban Israel egiptoarren eskuetatik, eta honek egiptoarrak hilak ikusi ebazan itsasbazterrean. Eta Jaunak egiptoarren kontra erabili eban ahalmen handia ikusirik, herriak begirunea izan eutsan Jaunari, eta Jaunagan eta honen zerbitzari Moisesegan jarri eben uste ona.
Orduan, Moisesek eta israeldarrek kantu hau abestu eutsoen Jaunari.

Salmoa


Ur 15, 8. 9. 10 eta 12. 17

R/. Jaunaren omenez abestuko dot egundoko garaipena lortu dau-eta.

Zuk haserrez haize emon eta urak metatu dira.
Arerioak pentsau eban:
“Pertsegitu eta harrapauko ditut,
lapurtu eta harrapakina banatuko,
aseko dot nire grina.
Ezpatea zorrotik atara eta hareetaz jabetuko naz”. R/.

Baina zuk haize emon eta itsasoak iruntsi ditu:
ekaitz-uretan hondoratu dira berunaren antzera.
Zuk eskuak luzatu eta arerioak iruntsi! R/.

Jauna, zuk sartuazoten dozu zeure herria
eta zeure mendian landatzen,
zeure ondarean, zeure egoitza egin dozun lekuan,
zeure eskuz eregi dozun santutegian. R/.

Ebanjelioa


Eskua bere ikasleakana luzatuz, honan inoan:Horra hor nire ama eta nire senideak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 12, 46-50

Aldi haretan, Jesusek jenteari berba egiten ziharduala, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziran kanpoan, Beragaz berba egin guran. Batek esan eutsan: «Ama eta anai-arrebak dozuz kanpoan, Zugaz berba egin nahian».
Jesusek, barriz, erantzun eutsan: «Nor da nire ama eta nortzuk nire anai-arreba?»
Eta, bere ikasleakana eskua luzatuz, esan eban: «Honeek ditut Nik ama eta anai-arreba. Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten dauana, horixe dot Nik anaia, arreba eta ama».