Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 19-07-2021
astelehena

urtean zehar, XVI. astea astelehena

Irakurgaia 1


Ikusiko dabe Ni nazala Jauna,aintzaz beteko nazanean, faraoiaren lepotik.

Urteera liburutik
Ur 14, 5-18

Egun hareetan, Egiptoko erregeari Israel herriak ihes egin ebala jakinazo eutsoenean, Faraoiak eta haren funtzionarioek, israeldarrei buruzko erabagiaz damuturik, alkarri esan eutsoen: «Zer egin dogu? Zelan itzi deutsegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?» Faraoiak bere gudu-gurdia prestauazo eban eta gudarostea batu; seirehun gudu-gurdi berezi eta Egiptoko gurdi guztiak eroan ebazan, bakotxean gudalburu bat joiala.
Jaunak setatsu bihurtu eban faraoia, Egiptoko erregea, eta honek eraso egin eutsen israeldarrei, honeek libre urteten eben bitartean. Egiptoarrek atzetik jarraitu eutseen israeldarrei, euren zaldi, gurdi, zaldizko eta gudaroste osoagaz, eta itsasbazterrean harrapatu ebezan, Pi-Hiroten, Baal-Tzefonen aurrez aurre.
Faraoia hurrean zan. Israeldarrak, egiptoarrak atzetik ebezela ohartzean, izutu eta oihuka hasi jakozan Jaunari. Eta Moisesi esan eutsoen: «Ez al egoan hilobirik Egipton, gu basamortuan hiltera ekarteko? Zergaitik atara gozuz Egiptotik? Ez al geuntsun hauxe esaten, hain zuzen, Egipton: "Itzi gagizuz bakean, egiptoarrentzat lan egiten. Hobe dogu hareen esklabo izan, basamortuan hil baino"?»
Moisesek erantzun eutsan herriari: «Ez izan bildurrik! Eutsi eta ikusiko dozue zelan salbatuko zaituen Jaunak gaur bertan: orain ikusten dozuezan egiptoarrak ez dozuez behin ere gehiago ikusiko. Jauna burrukatuko da zuen alde. Zuek egon nasai!»
Jaunak esan eutsan Moisesi: «Zergaitik dihardue niri oihuka? Esan israeldarrei egiteko aurrera. Eta zuk jaso zeure makilea eta luzatu eskua itsaso gainera: erdi bi egingo da itsasoa eta israeldarrak erditik igaroko dira, oinik busti barik. Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak, ondotik jarraitu deizueen, eta neure aintza agertuko dot faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdi eta zaldizkoen lepotik. Orduan jakingo dabe egiptoarrek Neu nazala Jauna, neure aintza agertuko dodanean faraoiaren eta haren gudarostearen lepotik, hareen gurdi eta zaldizkoen lepotik».

Salmoa


Sal Ur 15, 1-6

R/. Jaunaren omenez abestuko dot egundoko garaipena lortu dau-eta.

Jaunaren omenz abestuko dot,
egundoko garaipena lortu dau-eta,
zaldiak eta zaldunak itsas hondora amilduz. R/.

Jaunari deutsat abesten, bera dot indar, bera salbatzaile.
Neure Jainkoa dot: gorespen berari!
Neure aitaren Jainkoa: goratua izan bedi!
Gudari da Jauna, Jauna dau izena. R/.

Jaunak itsasoan hondoratu ditu
faraoiaren gurdi eta gudarostea.
Itxaso gorrian murgildu
gudalbururik bikainenak.
Itsasoak ditu azpiratu,
hondora jaitsi dira harritzarraren antzera. R/.

Zure eskumea, Jauna, izugarri indartsu!
Arerioa desegin dau.
Kanta dagiogun. R/.

Ebanjelioa


Auzi egunean hegoaldeko erregina gizaldi honen aurka jagiko da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 12, 38-42

Aldi haretan, lege-maisu eta fariseu batzuek esan eutsoen Jesusi: «Maisu, zuk egindako seinale bat ikusi nahi genduke».
Jesusek erantzun eutsen: «Seinale eske dihardu gizaldi gaizto eta desleial honek; baina ez jako seinalerik emongo, Jonas profetearena besterik. Izan ere Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin ebazan lez, holan egingo ditu-eta Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan.
Auzi-egunean ninivetarrek gizaldi honen aurka jagi eta kondenatu egingo dabe, hareek bihozbarritu egin ziran-eta Jonasen predikuaz, eta badozue hemen Jonas baino gehiago dan norbait.
Auzi-egunean hegoaldeko erreginak ere gizaldi honen aurka jagi eta kondenatu egingo dau, lurraren azken mugetatik etorri zan-eta ha Salomonen jakituriazko berbak entzutera, eta badozue hemen Salomon baino gehiago dan norbait».