Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 16-07-2021
barikua

urtean zehar, XV. astea barikua

Irakurgaia 1


Arratsaldean bildots bat hilgo dozue; odola ikustean, aurrera igaroko naz.

Urteera liburutik
Ur 11, 10—12, 14

Egun hareetan, Moisesek eta Aaronek egintza harrigarri asko egin ebezan faraoiaren aurrean; baina Jaunak setatsu bihurtu eban faraoia, eta honek ez eutsen israeldarrei bere lurraldetik urteten itzi.
Jaunak hau esan eutsen Moisesi eta Aaroni Egipton: «Hil hau izango dozue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa. Esaiozue israeldarren alkarte osoari: «Hil honen hamarrean, bakotxat abere xehe bat hartuko dau, familia eta etxe bakotxeko bana. Abere osoa jateko familia nahikoa ez bada, aldameneko bizilagunekin alkartuko da, bakotxak jan daikenaren arabera zenbat lagun behar dan kontuan harturik. Aberea akats bakoa izango da, arra, urtekoa, artxoa nahiz aumea. Hilaren hamalaura arte gordeko dozue, eta egun horretan, iluntzean, israeldar alkarteko guztiek hilgo dabe. Gero, odola hartu eta jango dozuen etxeko atearen zutoin biak eta ateburua odolez igurtziko dozuez. Gau horretan, sutan errea jango dozue haragia, legamin bako ogiz eta bedar mingotsez lagundurik.
Ez dozue bildotsetik ezer gordinik edo egosirik jango, dana sutan errea baino: buru, hanka eta errai. Ez itzi ezer biharamunerako; erre geldituko diran hondarrak. Honan jango dozue: gerria loturik, oinetakoak jantzirik eta makilea eskuan, abiatzeko prest; presaka jango dozue, Jaunaren Pazkoa da-eta, hau da, Jaunaren igarotea. Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen ume guztiak, bai gizakienak eta bai abereenak, eta neure epaia emongo deutset Egiptoko jainkoei. Ala Ni Jauna! Odola izango dozue ezaugarri zagozen etxeetan. Odola ikustean, aurrera igaroko naz; holan, Nik egiptoarrak jotean, izurriak ez zaitue zuek hondatuko.
Egun hau gogoangarria izango dozue eta jai nagusiz ospatuko dozue Jaunaren ohorez. Jai honen ospaketea betiko lege izango dozue belaunez belaun»"».

Salmoa


Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18

R/. Salbamen-edontzia dot jasoko eta Jaunaren izenari dei egingo.

Zelan ordainduko deutsat Jaunari
egin deustan on guztia?
Salbamen-edontzia dot jasoko
eta Jaunaren izenari dei egingo. R/.

Mingarri jako Jaunari
bere fededunen heriotzea.
Bai, zure zerbitzari naz, Jauna,
zure zerbitzari ezereza:
askatu dozuz nire kateak. R/.

Gorespen-oparia deutsut eskainiko,
eta Jaunaren izenari dei egingo.
Beteko ddeutsadaz Jaunari promesak,
herri guztiaren aurrean. R/.

Ebanjelioa


Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 12, 1-8

Aldi haretan, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Ikasleak goseak egozan eta galburuak ebagi eta jaten hasi ziran.
Hori ikustean, fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Begira, zapatuz zilegi ez dana egiten dihardue zure ikasleek».
Harek erantzun: «Ez al dozue irakurri zer egin eban Davidek, bera eta lagunak goseak aurkitu ziran batean? Zelan Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeinitako ogiak jan ebezan, legez ez berak ez bere lagunek, abadeek bakarrik baino jan eikeezanak?
Edota ez al dozue irakurri Moisesen Legean abadeek zapatu guztietan hausten dabela tenpluan atseden-legea, horregaitik errudun izan barik? Ba, Nik dinotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago dan norbait. Ulertu bazendue zer esan gura dauan Jainkoak esandako honek: "Nahiago dot errukia sakrifizioak baino", ez zeunkeezan errubageok gaitzetsiko. Izan ere Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da-eta».