Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 15-06-2021
martitzena

urtean zehar, XI. astea martitzena

Irakurgaia 1


Jesu Kristo behartsua egin zan zuokaitik.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 8, 1-9

Senideok: Jainkoak Mazedoniako eleiz alkarteei izan deutsen ondonahia jakinazo gura deutsuegu. Atsekabealdi gogorretan probatuak izan diran arren, hareen poza neurribakoa izan da, eta euren premina gorrian oso eskuzabal agertu dira. Ahal ebena eta gehiago ere emon dabela testigu naz; euren gogoz, arren eta arren eskatzen euskuen fededunen aldeko zerbitzu honetan parte hartzen izteko.
Eta guk uste baino gehiago ere egin dabe: lehenengo Jaunari emon eutsoezan euren buruak, eta gero guri, Jainkoak gura eban lez. Horregaitik eskatu deutsagu Titori, zuen eskuzabaltasunezko egintza hau berak hasi eban lez, burutu ere berak burutu dagiala zuen artean.
Gauza guztietan aberatsak zaree: sinesmenean, berba egiteko gaitasunean, jakintzan, danerako arduran eta guganako maitasunean; izan zaiteze aberatsak eskuzabaltasunean ere. Hau ez deutsuet aginduz esaten, beste eleiz alkarteen arreta ikusiz, zeuen maitasunaren jatortasuna erakusteko aukera izan dagizuen baino. Ezaguna dozue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberatsa izanik, behartsu egin zan zuekaitik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko.

Salmoa


Sal 145,2.5-6ab.6c-7ab.7c-8

R/. Goratu egizu Jauna, ene barrua.

Edota
Aleluia.

Goratuko dot Jauna bizi nazan artean,
soinua joko deutsat neure Jainkoari nnazan artean. R/.

Zorionekoa Jakoben Jainkoa lagun dauana,
Jauna, bere Jainkoa, itxaropen dauana.
Berak egin ditu zeru-lurrak eta itsasoa,
eta horreetan dagoan guztia. R/.

Betiko eusten deutso bere leialtasunari,
zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose diranei ogia emoten. R/.

Jaunak askatzen ditu presoak,
Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak altxatzen konkortuak,
Jaunak maitatzen zintzoak. R/.

Ebanjelioa


Maitatu egizuez zeuen arerioak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 43-48

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: “Entzun dozue antzinakoei agindutakoa: "Maitatu egizu zeure lagun hurkoa eta gorrotatu zeure arerioa". Nik, ostera, hau dinotsuet: Maitatu egizuez zeuen arerioak eta egin otoitz erasoten deutsuenen alde zeruetan dagoan zeuen Aitaren seme eta alaba izan zaitezen, Harek gaiztoentzat eta zintzoentzat ataraten dau-eta eguzkia eta zuzenentzat eta zuzenbakoentzat egiten euria.
Izan ere, maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer sari zor jatzue? Zergalariek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badozuez, zer egiten dozue berezirik? Jentilek ere ez al dabe beste horrenbeste egiten? Izan zaiteze, beraz, guztiz onak, zeruetako zuen Aita guztiz ona dan lez”.