Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 14-06-2021
astelehena

urtean zehar, XI. astea astelehena

Irakurgaia 1


Jainkoaren zerbitzari lez agertu gaitezan.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 6, 1-10

Senideok: Jainkoaren lankide garan ezkero, eskatzen deutsuegu ez dagizuela alperrik hartu haren grazia. Izan ere, Jainkoak dino: “Sasoi egokian entzun deutsut, eta salbamen-egunean lagundu”. Begira, beraz: oraintxe da sasoi egokia, oraintxe salbamen-eguna.

Ez deutsagu inori okerrerako biderik emoten, gure zerbitzua toki txarrean gelditu ez daiten; gauza guztietan, ostera, Jainkoaren zerbitzari garala agertzen dogu, jasaten dogun guztian eroapen handia erakutsiz: atsekabe, beharrizan eta estutasunetan, zigor, kartzela, nahaste eta nekeetan, lo faltan eta barauan. Biziera garbiz jokatzen dogu, jakituriaz, pazientziaz eta bihotz gozoz, Espiritu Santuaren dohaiez eta benetako maitasunez, egiaren mezua iragarriez eta Jainkoaren indarra erakutsiz.
Erasorako nahiz defentsarako, Jainkoaren salbamen-indarra da gure armea, ohoratzen gaitueela nahiz iraintzen, gutaz ondo berba egiten dabela nahiz txarto. Guzurtitzat joten gaitue, baina egiazale gara; ezezaguntzat, baina ezagunak gara; hilzorian gagoz, baina oraindino bizirik; zigortuak, baina ez hilak; tristetzat joten gaitue, baina beti pozik gagoz; behartsutzat, baina beste asko aberasten dogu; ezertxo ere ez bagendu lez, baina guztiaren jabe gara.

Salmoa


Sal 97,1.2-3ab.3cd-4

R/. Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta:
garaipena emon deutso bere eskumeak,
bere beso santuak. R/.

Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbamen-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez dau ahaztu bere maitasuna,
Israel herriari deutson leialtasuna. R/.

Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.


Ebanjelioa


Nik hau dinotsuet: ez egin gogor gaitz egiten deutsuenari.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 38-42

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: Entzun dozue antzinakoei agindua: "Begia begiaren ordain, agina aginaren ordain". Nik, ostera, hau dinotsuet: Gaizkileari ez erantzun txarto; bestela baino, eskumako matrailan joten zaituanari eskeini beste matrailea ere; soinekoa kentzeko auzitara eroan gura zaituanari emon soingainekoa ere; norbaitek mila pauso egitera behartzen bazaitu, egin bi mila beragaz. Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.