Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 11-06-2021
barikua
Jesusen Bihotz Guztiz Santua

Irakurgaia 1


Ikaraz jarten jat bihotza.

Oseas Profetaren liburutik
Os 11, 1b. 3-4. 8c-9

Honan berba egiten dau Jaunak:
«Israel umea zala, maite izan neban;
eta Egiptotik dei egin neutsan neure semeari.
Nik erakutsi neutsan oinez Efraimi,
besoetan eroan neban;
halan ere, ez ziran ohartu
Nik zaintzen nituala.
Amodio-lokarriz erakarten nituan,
maitasun-loturaz:
umetxoa musuraino jasoten dauana lez
nintzan hareentzat;
makurtu eta jaten emoten neutsen.
Ikaraz jarten jat bihotza,
dardaraz erraiak.
Ez deutsat hasarreari bizten itziko;
ez dot Efraim barriro hondatuko,
Jainkoa naz-eta Ni, ez gizakia,
santua Ni zuen artean,
eta ez nator hasarre-suminez».

Salmoa


Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6

R/. Atarako dozuez urak pozetan salbamenaren iturrietan.

Bai, Jainkoa dot salbatzaile!
Beragan dot uste on
eta ez naz bildur.
Jauna dot indar eta babes, bera salbatzaile. R/.

Pozik joango zaree zuek ere
salbamen-iturritik ura edatera,
eta egun haretan holan esango dozue:
“Goratu egizue Jauna, dei egin berari,
iragarri haren egintzak herriei!
Ezagutuazo zein bikaina dan! R/.

Kanta Jaunari,
gauza harrigarriak egin ditu-eta;
mundu guztian jakin beige Haren barri.
Egin poz-irrintzi eta oihu,
Siongo bizilagunok,
handikiro dihardu eta zuen alde
Israelgo Santuak. R/.

Irakurgaia 2


Ezagutuko dozue jakintza guztiaren gainetik dagoan Kristoren maitasuna.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 3, 8-12. 14-19

Senideok: Niri, fededun guztien artean txikiena nazan honi, dohai hau emon jat: Kristoren neurribako aberastasuna jentilei iragartea, eta guztiei argi adierazotea zelan diharduan beteten, Jainkoagan, gauza guztien egileagan, betidanik gordeta egoan asmo ezkutua. Holan, agirian jarten jake orain, Eleizearen bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era askotako jakituria, Berak betidanik eban, eta Kristo Jesus gure Jaunagan burutu dauan, asmoaren jakituria. Kristori esker eta Beronegan dogun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoagana hurreratzera.
Horregaitik, belauniko jarten naz Aitaren aurrean, bai zeruan eta bai lurrean familia guztien sorburu danaren aurrean, eta hau eskatzen deutsat: bere aintzaren aberastasunari jagokonez, sendotu zagiezala bere Espirituaren indarrez, barrutik bizi zaitezen; bizi daitela Kristo zuen bihotzetan sinesmenaren bidez eta izan daitela maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. Holan ulertu ahal izango dozue, fededun guztiakaz batera, zeinen zabal eta luze, garai eta sakon dan Kristoren maitasuna; ezagutuko dozue jakintza guztien gainetik dagoan maitasun hori; eta, holan, Jainko-izatearen betetasunaz beteko zaree.

Ebanjelioa


Saihetsa zulatu eutsan, eta odolak eta urak urten eben.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 19, 31-37

Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta juduek ez eben gura gorpuak zapatuz kurutzean gelditzerik, zapatu ha oso jaiegun handia zan-eta. Horregaitik, kurutzeratuei berna-hazurrak hausi eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori. Joan ziran, bada, gudariak eta berna-hazurrak hausi eutseezan Jesusegaz kurutzeratutako biei; baina, Jesusegana heldu ziranean, ordurako hilik egoala ikusirik, ez eutsoen berna-hazurrik hausi; gudari batek lantzaz saihetsa zulatu eutsan, eta bat-batean odolak eta urak urten eben.
Ikusi ebanak berak autortzen dau eta haren autormena egiazkoa da. Berak badaki egia dinoana, zuek ere sinestu dagizuen. Hau Liburu Santuak dinoena bete eiten jazo zan: «Ez deutsoe hazurrik hausiko». Eta beste pasarte batean hau dino: «Zulatu ebenari begiratuko deutsoe».