Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 15-05-2021
zapatua

pazko aldia, VI. astea zapatua

Irakurgaia 1


Liburu Santuen bidez Jesus zala Mesias irakasten eban.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 18, 23-28

Antiokian denporaldi bat egin ondoren, handik urten eta Galazian eta Frigian zehar ibili zan Paulo, ikasle guztiak gogo-berotuz.
Apolo izeneko judu bat heldu zan sasoi haretan Efesora; izatez Alexandriakoa zan, hizlari bikaina eta Liburu Santuetan oso aditua. Jaunaren bideari buruz ondo eskolatua egoan; gartsu berba egiten eban eta Jesusi egokiona zehatz irakasten, Joanena baino beste bateorik ezagutu ez arren. Apolo, bada, sinagogan ausardiz berba egiten hasi zan. Priszilak eta Akilak entzun eutsoenean, beragaz hartu eben eta oraindino zehatzago azaldu eutsoen Jainkoaren bidea.
Apolok Akaiara joateko asmoa ebala, senideek animatu egin eben, eta hango ikasleei idatzi eutseen harrera ona egin egien. Hara heldu zanean, Jainkoaren graziagaz oso lagungarri jazo jaken fededunei. Izan ere, gartsu egiten eutsen aurre juduei danen aurrean, Liburu Santuen bidez Jesus zala Mesias frogatuz.

Salmoa


Sal 46, 2-3. 8-9. 10-11

R/. Jainkoa da lurbira osoan errege.

edo Aleluia.

Herri guztiok, txalo jo egizue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege handi. R/.

Jainkoa da-eta lurbira osoan errege,
egiozue jator goratzarre.
Jainkoa errege da atzerrietan,
jesarrita dago Jainkoa bere aurki santuan. R/.

Herrietako buruzagiak batu dira,
Abrahamen Jainkoaren herriagana;
lurreko handikiak Jainkoarenak dira,
hain dago-eta garai Bera. R/.

Ebanjelioa


Aitak berak maite zaitue, zuek Ni maite izan nozuelako eta sinestu dozuelako.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 23b-28

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: Aitari zeredozer nire izenean eskatzen badeutsazue, emongo deutsue. Orain arte ez deutsazue ezer eskatu nire izenean. Eskatu eta hartuko dozue, zuen poza bete-betea izan daiten.
Orain arte irudi bidez berba egin deutsuet; baina badator ordua irudi bidez berba egingo ez deutsuedana. Argi eta garbi emongo deutsuet Aitaren barri. Egun haretan nire izenean eskatuko dozue, eta ez deutsuet esaten Nik Aitari zuen alde eskatuko deutsadanik; izan ere Aitak berak maite zaitue-eta, zuek Ni maite izan nozuelako eta Jainkoagandik etorri nazala sinestu dozuelako.
Aitagandik urten eta mundura etorri nintzan; orain mundua itzi eta barriro Aitagana noa».