Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 14-05-2021
Matias, apostolua

Irakurgaia 1


Zotz egin eben eta Matiasi jausi jakon eta hamaika apostoluekin hartu eben.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 1, 15-17. 20-26

Egun hareetan, Pedrok, senideen erdian zutunik, esan eban: «Senideok, bete beharrekoa zan Espiritu Santuak Liburu Santuan Daviden ahoz iragarria, hau da, Jesus arrapatu ebenen gidari izan zan Judasi buruz esana. Gure taldekoa zan eta gu lez zerbitzu hau beteteko aukeratua. Honan dago idatzirik Salmoen liburuan: "Hartu begi beste batek haren kargua".
Beharrezkoa da, beraz, nor edo nor gure taldeari alkartzea, gugaz batera Jesusen biztueraren testigu izan daiten. Jesus Jauna gure artean bizi izan dan denbora guztian —Joanek bateatu ebanetik zerura jasoa izan dan egunera arte, hain zuen— gugaz ibili diranetakoa izan behar dau».
Bi aurkeztu ebezan: Jose, deituraz Barsaba, izengoitiz Zintzoa, eta Matias. Ondoren, honan egin eben otoitz: «Jauna, Zuk ezagutzen dozuz guztion bihotzak, erakutsi egiguzu bi honeetatik zein aukeratu dozun, apostolu-zerbitzu honetan Judasek itzi dauan lekua beteteko, egokion tokira joan da-eta ha». Zotz eginik, Matiasi egokitu jakon, eta hamaika apostoluekin alkartu eben.

Salmoa


Sal 112, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8

R/. Jaunaren ospea zerua baino gorago.

edo Alleluia

Goratu egizue, Jaunaren zerbitzariok,
goratu Jaunaren izena.
Bedeinkatua izan bedi Jaunaren izena,
orain eta beti. R/.

Eguzkiaren sorlekutik sarlekura,
goratua izan bedi Jaunaren izena.
Jauna herri guztien gainean garai dago,
haren ospea zerua baino gorago. R/.

Nor da Jauna gure Jainkoa lakorik?
Gorenean dau tronua,
baina beheratu egiten da,
zerura eta lurrera begiratzeko. R/.

Gixajoa hautsetatik jasoten dau,
behartsua zaborretatik ataraten,
eta handikien artean jesarriazoten dau,
bere herriko handikien artean. R/.

Ebanjelioa


Ez dau inork maitasun handiagorik bere bizia adiskideen alde emoten dauanak baino.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 15, 9-17

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauan lez, holantxe maite izan zaituet Nik ere zuek; iraun sendo nire maitasunean. Nire aginduak beteten badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, Nik ere, Aitaren aginduak bete ditudalako, haren maitasunean irauten dodan lez.
Hau esan deutsuet nire poza zeuekan izan dagizuen, eta zuen poza bete-betea izan daiten.
Hau da nire agindua: maitatu dagizuela alkar, Nik maite izan zaituedan lez. Ez dau inork maitasun handiagorik bere bizia adiskideen alde emoten dauanak baino.
Zuek nire adiskide izango zaree, Nik agindua beteten badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau-eta jakiten nagusiak zer egiten dauan; zuei adiskide deitzen deutsuet, nire Aitak jakinazo deustan guztia adierazo deutsuet-eta.
Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Neuk aukeratu zinduedazan zuek, eta eginkizun hau emon deutsuet: edonon frutu ugaria eta iraunkorra emon dagizuela; holan, Aitari nire izenean eskatuko deutsazuen guztia emongo deutsue.
Hauxe agintzen deutsuet: maitatu dagizuela alkar».