Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 04-05-2021
martitzena

pazko aldia, V. astea martitzena

Irakurgaia 1


Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutsoen alkarteari.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 14, 19-28

Egun hareetan, judu batzuk etorri ziran Antiokiatik eta Ikoniotik eta, jentea eureganaturik, Paulori harrika egin eutsoen, eta uritik kanpora atara eben arrastaka, hilda egoalakoan. Baina ikasleak ondora batu jakozanean, Paulo jagi eta urian sartu zan barriro.
Biharamunean, Derbera joan zan Bernabegaz. Uri haretan Barri Ona zabaldu eta ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara bihurtu ziran.
Bide batez, ikasleen bihotzak sendotzen ebezan, sinesmenean irauteko adorea emonez. "Larrialdi asko jasan behar dogu —esaten eutseen— Jainkoaren erreinuan sartzeko". Eleiz alkarte bakoitzean arduradunak izendatu ebezan eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunaren eskuetan itzi ebezan, Haregan sinestu eben-eta.
Pisidian zehar, Panfiliara heldu ziran eta, Pergen berbea iragarri ondoren, Ataliara jatsi ziran. Han ontzia hartu eben Siriako Antiokiara joateko, handik bialduak ziran-eta burutu barria eben egitekorako, Jainkoaren ardurapean jarri ondoren.
Heldu ziranean, eleiz alkartea batu eben eta Jainkoak euren bidez egindako guztia azaldu eutseen, baita jentilei federako atea zelan edegi eutsen ere. Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziran denporaldi batean ikasleekin.

Salmoa


Sal 144, 10-11. 12-13ab. 21

R/. Ezagutuazo begie zure zintzoek, Jauna, zure erregetzaren bikaintasuna.

edo Aleluia.

Jauna, zure lan guztiek ospatu zagiezala,
zure zintzoek bedeinkatu zagiezala.
Zure erregetza zein bikain dan autortu begie,
zure ahal izateaz hitz egin begie. R/.

Ezagutuazo begioe gizakiei zure bizkortasuna,
zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure erregetza, gizaldi guztietako erregetza,
gizaldiz gizaldi zure nagusitza. R/.

Nire ahoak berba egin begi Jaunaren gorespena,
gizakume guztiok bedeinkatu beti Haren izen gorena. R/.

Ebanjelioa


Neure bakea emoten deutsuet.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 27-31a

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bakea izten deutsuet, neure bakea emoten; nik emoten deutsuedan bakea ez da munduarena lakoa. Ez kezkatu, ez izan bildurrik. Entzun dozue esan deutsuedana: "Banoa, baina bihurtuko naz zuekana". Benetan maite baninduzue, poztu egingo zintzatekez Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa da-eta..
Orain esan deutsuet, jazo baino lehen, jazo daitenean sinestu dagizuen. Ez dot honezkero luze berba egingo zuekin, badator-eta mundu honetako buruzagia. Horrek ez dau nire gain ahalmenik; baina munduak jakin behar dau Nik maite dodala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dodala».