Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 01-05-2021
zapatua

pazko aldia, IV. astea zapatua

Irakurgaia 1


Jentilakana joko dogu.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 44-52

Hurrengo zapatuan, ia herri osoa batu zan Jaunaren berbea entzuteko. Jentetza ha ikusirik, juduak bekaitzez bete ziran eta irainez egiten eutsoen kontra Paulok esaten ebanari. Orduan, Paulok eta Bernabek ausarti esan eben:
«Zuei adierazo behar geuntsuen lehenengo Jainkoaren hitza; baina berbea baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gaitzat ez dozuezan ezkero, jentilakana joko dogu. Jaunak hauxe agindu deusku-eta: "Nazinoen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eroan dagizun"».
Hau entzutean, jentilak poztu egin ziran eta Jaunaren berbea goresten eben. Eta betiko bizirako ziranek sinestu egin eben.
Jaunaren hitza zabaltzen joian herrialde guzti haretan. Baina juduek andra handiki jainkozale batzuk eta herriko jauntxoak berotu ebezan, eta Paulo eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu eben eta euren lurraldetik bota ebezan. Paulo eta Bernabe, protesta moduan euren oinetako hautsa hareen aurka astindu eta Ikoniora joan ziran. Ikasleak, barriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziran.

Salmoa


Sal 97, 1 .2-3ab. 3cd-4

R/.Ikusi dabe lur-muga danek, gure Jainkoagandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barri,
egin bai ditu hainbat harrigarri.
Bere eskumeak emon deutso garaipena,
bere beso santuak. R/.

Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dala gogoratu dau,
Israel etxeari buruz. R/.

Ikusi dabe lur-muga danek,
gure Jainkoagandiko garaipena.
Lur osoa, egiozu txalo Jaunari,
egin oihu eta irrintzi, egin eresi. R/.

Ebanjelioa


Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 7-14

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zeunkee. Dagoaneko ezagutzen dozue, eta ikusi ere ikusi dozue».
Orduan, Felipek esan eutsan : «Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta nahikoa dogu».
Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nozu ezagutzen? Ni ikusten nauanak Aita ere ikusten dau. Zelan dinozu: "Erakutsi eiguzu Aita"? Ez al dozu sinesten Ni Aitagan nagoala eta Aita Nigan? Nik esaten deutsuedana ez deutsuet neure kabuz esaten. Nigan bizi dan Aita da bere egintzak burutzen diharduana. Sinestu egidazue: Ni Aitagan nago eta Aita Nigan. Besterik ez bada ere, sinestu egintzakaitik.
Bene-benetan dinotsuet: Nigan sinesten dauanak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta handiagoak ere bai, Ni Aitagana noa-eta. Nire izenean eskatu dagizuen guztia emongo deutsuet, Aitaren aintza Semeagan azaldu daiten. Nire izenean zeredozer eskatzen badozue, emongo deutsuet Nik».

Jose, langilea

Irakurgaia 1


Bete egizue lurra,eta izan zaiteze beraren jaun.

Hasiera liburutik
Has 1, 26—2, 3
Jainkoak esan eban: «Egin dagigun gizakia geure antzera, geure irudiko; menperatu dagizala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, etxeko abereak eta lurreko narrastiak».
Jainkoak, beraz, bere irudiko egin eban gizakia, Jainkoaren beraren irudiko egin eban; gizaseme eta emakume egin zituan. Eta bedeinkatu egin zituan Jainkoak eta esan eutsen: «Sortu egizuez umeak eta ugaritu, bete lurra eta izan beraren nagusi; menperatu egizuez itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean dabilzan piztia guztiak».
Jainkoak esan eban: «Begira, zuei emoten deutsuedaz lurraren azalean diran hazidun landare guztiak eta hazidun frutua dakarren zuhaitz guztiak; horreek izango dozuez janari. Abere, zeruko hegazti eta lurrean dabilzan bizidun guztiei, barriz, bedar hezea emoten deutset janari». Eta holan izan zan. Eta egindako guztia ikusi eban Jainkoak, eta oso ona zan. Eta arratsalde eta goiz: seigarren eguna.
Honan, burutuak gelditu ziran zeru-lurrak eta honeetan dagoan guztia. Zazpigarren egunerako burutu eban Jainkoak egindako lana, eta zazpigarren egunean, egindako lan guztiaren ondoren, atsedena hartu eban. Jainkoak bedeinkatu egin eban zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu eban-eta atsedena bere kreazio-lan guztitik.

Salmoa


Sal 89, 2. 3-4. 12-13. 14 eta 16

R/. Gure eskuen lana lagundu, Jauna.

Mendiak jaio baino lehen,
lurra eta mundua sortu baino lehen,
Jainko zara Zu betidanik betidaino. R/.

Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.

Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.

Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Ikusi begie zure zerbitzariek zure ekintza,
eta hareen seme-alabek zure dirdaia. R/.

Ebanjelioa


Hau ez al da arotzaren semea?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 13, 54-58

Aldi haretan, Jesus bere herrira joan zan eta irakasten ziharduan sinagogan. Jenteak, harriturik, honan inoen: “Nondik ditu Honek holako jakituria eta nondik mirari horreek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al dau izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik dau, beraz, Honek guzti hori?” Eta ezin eben sinestu Haregan.
Jesusek esan eutsen: “Profeteari edonon emoten deutsoe ohore, bere herrian eta etxean izan ezik”. Eta, hareen sinesgogorkeriagaitik, ez eban han mirari askorik egin.