Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 30-04-2021
barikua

pazko aldia, IV. astea barikua

Irakurgaia 1


Agintzaria bete deusku Jainkoak Jesus berbiztuz.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 26-33

Egun hareetan, honan berba egin eban Paulok Pisidiako Antiokiako sinagogan: «Senideok, Abrahamen ondorengo zareenok, eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen dozuenok, guri bialdu jaku salbamen-hitz hau. Jerusalemdarrek eta euren agintariek ez eben Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, zapatuero sinagogan irakurten dabezan profeziak bete ebezan. Heriotzea merezi ebanik ezertxo ere aurkitu ez eutsoen arren, Ha hilteko eskatu eutsoen Pilatori. Eta Liburu Santuak Haretaz dinoan guztia bete ebenean, egurretik eratsi eta hilobian ezarri eben.
Baina Jainkoak biztu egin eban hilen artetik. Egun askotan zehar agertu jaken Galileatik Jerusalemera Beragaz igon ebenei, eta horreek ditu orain bere testigu herriaren aurrean.
Guk ere Barri On hau iragarten deutsuegu: gure asabei egindako agintzaria, guri, hareen ondorengooi, bete deuskula Jainkoak, Jesus berbiztuz. Holan dago idatzita bigarren salmoan:
"Nire semea zara zu,
gaur zaitut Nik sortu"».

Salmoa


Sal 2, 6-7. 8-9. 10-11

R/. Nire semea zara zu; Nik zaitut gaur zu sortu.

edo Aleluia.

«Nik ezarri dot neure erregea,
Sionen, neure mendi santuan».
Jaunaren erabagia iragarriko dot:
Berak esan deust: «Nire semea zara zu;
Nik zaitut gaur zu sortu. R/.

Eskatu Niri, eta atzerriak emongo Nik ondare,
lurbira osoa zure mugape.
Burdina-zigorrez dozuz apurtuko,
buztin-lapikoa lez hausiko». R/.

Entzun, beraz, orain, erregeok,
zentzatu zaiteze, lurreko buruzagiok.
Zerbidu egizue Jauna bildurrez,
ikaraz agur egiozue ahuspez. R/.

Ebanjelioa


Neu naz bidea, egia eta bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 14, 1-6

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ez izan kezkarik: sinestu Jainkoagan eta sinestu Nigan ere. Nire Aitarenean bizitoki asko dago; holan izan ez balitz, esango neuskizuen. Orain zuentzat tokia atontzera noa. Joan eta tokia atondu ondoren, barriro etorri eta Neugaz eroango zaituet, Ni nagoan tokian zuek ere egon zaitezen. Zuek badakizue Ni noan tokirako bidea».
Tomasek esan eutsan: «Jauna, ez dakigu nora zoazen, eta zelan jakin bidea?» Jesusek erantzun: «Neu naz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik».