Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 19-04-2021
astelehena

pazko aldia, III. astea astelehena

Irakurgaia 1


Ezin izan eutsoen Espirituak berba egiteko emoten eutsan jakituriari aurre egin.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 6, 8-15

Egun hareetan, Estebanek, graziaz eta indarrez beterik, mirari eta ezaugarri handiak egiten ebazan herrian.
Halako baten, zirenear eta alexandriarrez osotuta egoan eta «Askatuena» eritzon sinagogako batzuk, ziliziar eta asiar batzuekin batera, eztabaidan hasi ziran Estebanegaz. Baina ezin izan eutsoen Espirituak berba egiteko emoten eutsan jakituriari aurre egin.
Orduan, gizon batzuk erosi ebezan, zurrumurru hau zabaldu egien: Estebani Moisesen eta Jainkoaren kontra berba egiten entzun eutsoela, hain zuzen ere. Holan, herria, zaharrak eta lege-maisuak asaldatu ebezan, eta Esteban ezustean harrapatu eta Batzar Nagusira eroan eben.
Guzurrezko testiguak aurkeztu ebezan, honan inoenak: «Gizon honek toki santuaren eta Legearen kontra berba egiten dau eten barik. Geuk entzun deutsagu esaten Jesus Nazaretarra dalako horrek tenplua hondatuko dauala eta Moisesek emon euskuzan ohiturak aldatuko dituala».
Batzar Nagusian egozan guztiek Estebanegan jarri ebezan begiak, eta haren aurpegia aingeru batena baizen disdiratsu ikusi eben.

Salmoa


Sal 118, 23-24. 26-27. 29-30

R/. Dohatsu, Jaunaren legean dabilzanak.

edo Aleluia.

Handiek jesarrita nire aurka diharduen arren,
badabil morroi hau Zuk ezarriak hausnartzen.
Zuk iragarritakoa niretzat atsegin,
Zuk ezarriak ditut aholkulari. R/.

Nire bideak autortu deutsudaz eta entzun nozu,
Zuk ezarriak irakatsi egidazuz.
Eskolatu nagizu zeure arauen bideetan,
hausnartuko dot zure mirarietan. R/

Aldendu nagizu guzur-bidetik,
emoidazu zeure legea niri.
Egiaren bidea deutsut aukeratu,
zure erabagiak ditut irrikatu. R/.

Ebanjelioa


Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizia emoten dauanagaitik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 22-29

Aldi haretan, itsasoz beste aldean egoan jentea ohartu zan han txalupa bat bakarra izan zala, eta Jesus ez zala ikasleekin ontziratu, honeek bakarrik joan zirala baino. Bitartean, beste txalupa batzuk etorri ziran Tiberiadesetik, Jaunak esker oneko otoitza eginik, ogia jan eben ingurura.
Jesus eta ikasleak han ez egozala ikustean, jentea, txalupetara igon, eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. Itsasoz beste aldean aurkitu ebenean, esan eutsoen: «Maisu, noz etorri zara hona?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabiltze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizia emoten dauanagaitik; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, Berau egin dau-eta Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkoa».
Orduan, itaundu eutsoen: «Zer egin behar dogu, Jainkoak gura dauana egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Hau da Jainkoak nahi dauana: Berak bialdu dauanagan zuek sinestea».