Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 17-04-2021
zapatua

pazko aldia, II. astea zapatua

Irakurgaia 1


Zazpi gizon aukeratu ebezan, Espiritu Santuaz beteak.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 6, 1-7

Egun hareetan, ikasleak ugaritzean, marmarra sortu zan greko hizkuntzakoen artean hebreera hizkuntzakoen aurka, hareen andra alargunak eguneroko janari-banaketan bazterrera izten ebezelako.
Hamabiek, ikasleen batzar orokorra baturik, esan eben: «Ez da bidezkoa guk Jainkoaren berbearen predikua alde batera iztea, janari-banaketaz arduratzeko. Beraz, senideok, aukeratu egizuez zeuen artean izen oneko zazpi gizon Espiritu Santuaz eta jakituriaz beteak, eta hareei emongo deutsegu egiteko hori; guk, holan, otoitzean eta hitzaren zerbitzuan jardungo dogu».
Batzar osoak ontzat emon eban proposamena, eta honeek aukeratu ebezan: Esteban —sinesmenez eta Espiritu Santuaz beterik egoan gizona—, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako judu barria; aurkeztu eutseezan apostoluei, eta honeek, otoitz eginez, eskuak buruan ezarri eutseezan.
Jainkoaren berbea zabaltzen ziharduen; ikasleen taldea sendo ugarituz joian Jerusalemen, eta abade asko ere sinestedun egiten zan.

Salmoa


Sal 32, 1-2. 4-5. 18-19

R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna, Zugan dogu-eta gure uste ona.

Poztu zaiteze, zintzoak, Jaunagan,
zuzenak diranei jagoke Ha goratzea.
Ospatu egizue Jauna kitaraz,
egiozue soinu hamar hariko salterioaz. R/.

Zuzena da-eta Jaunaren berbea,
leiala Harek egin dauan guztia.
Zuzena eta bidezkoa dana dau maite,
Haren graziaz lurra dago bete. R/.

Hara, Jaunaren begiak bildur deutsoenakana,
Haren maitasuna itxaron dabenengana;
hareek ditu-eta heriotzatik atarako,
eta gosetean aseko. R/.

Ebanjelioa


Aintzirako ur gainean oinez ikusi eben Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 16-21

Arratsaldean, Jesusen ikasleak itsasora jatsi eta, txalupara igorik, itsasoz beste aldera abiatu ziran, Kafarnaumerantz.
Iluna zan ordurako, eta artean Jesus ez zan hareengana heldu. Haize zakarra ebilan, eta itsasoa harrotzen hasi zan.
Bospasei kilometro arraunean egin ebezanean, Jesus ikusi eben ur gainean oinez eta txaluparantz hurreratzen, eta bildurrak hartu zituan. Baina Harek esan eutsen: «Neu naz; ez izan bildurrik!» Hareek txalupan hartu gura izan eben, baina txalupea berehala heldu zan joiazan tokira.