Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 16-04-2021
barikua

pazko aldia, II. astea barikua

Irakurgaia 1


Apostoluek pozarren urten eben Batzarretik, Jesusen izenagaitik irainak jasateko gai aurkitu ebezalako.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 5, 34-42

Egun hareetan, bazan Batzar Nagusian Gamaliel eritzon fariseu bat, herri osoan begirune handia eban lege-irakaslea; apostoluak apur baterako kanpora atarateko agindu ondoren, Batzarrean zutunik, honan berba egin eban: «Israeldarrok, begiratu ondo zer egitera zoazen gizon honeekin. Oraintsu urten eban Teudasek ere, norbait bazalako ustetan, eta laurehunen bat gizon batu jakozan. Baina hil eben, eta haren jarraitzaile guztiak sakabanatu ziran, eta dana hutsean gelditu zan. Haren ondoren, erroldea egin zan sasoian, Judas galilearrak urten eban eta hainbat jente bereganatu eban; baina galdu zan ha ere, eta jarraitzaile guztiak sakabanatu ziran.
Beraz, hona nire aholkua: ez zaitezela sartu gizon honeekin; doazela. Horreen asmoa eta jarduna gizakiakandikoak badira, euren kasa desegingo dira; Jainkoagandikoak badira, barriz, ezin izango dozuez desegin. Ez dakizuela jazo Jainkoaren kontra borrokan jardutea».
Onartu eben haren iritzia. Eta, apostoluak deitu eta zigortu ondoren, Jesusen izenean berba egitea zorrotz galazo eutseen. Ondoren, askatu egin ebezan. Apostoluek pozez urten eben Batzarretik, Jainkoak Jesusen izenagaitik irainak jasateko duin aurkitu zitualako.
Eta, tenpluan nahiz etxerik etxe, eten barik irakasten eta iragarten eben Jesus Mesias dalako Barri Ona.

Salmoa


Sal 26, 1. 4. 13-14

R/. Gauza bat deutsat eskatzen Jaunari: Jaunaren etxean nadila bizi.

edo Aleluia.

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Gauza bat deutsat eskatzen Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi naitela Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan;
Jaunaren samurtasuna gozau dagidan,
Haren jauretxea begiz ikusi dagidan. R/.

Jaunaren ontasuna ikusi ustean
nago bizien lurrean.
Itxaron Jaunagan, eta kemen izan,
bizkortu bekizu bihotza, eta itxaron Jaunagan. R/.

Ebanjelioa


Jesarritakoen artean banatu ebazan ogiak,bakotxak nahi eban adina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 1-15

Aldi haretan, Galilea edo Tiberiadeseko itsasoz bestaldera joan zan Jesus. Jentetza handia joakon ondotik, ikusten eben-eta zelako ezaugarriak egiten ebazan gaixoengan.
Jesus, orduan, mendira igon eta han jesarri zan bere ikasleekin. Hurrean zan Pazkoa, juduen jai nagusia. Jesusek, jente asko etorkiola ikusirik, esan eutsan Feliperi: «Non erosiko dogu ogia honei jaten emoteko?» (Zirikatzeko esan eutsan hori, ondo ekian-eta Berak zer egin behar eban). Felipek erantzun eutsan: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahikoa, bakotxak apur bat izateko».
Ikasleetako batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutsan: «Bada hemen bost garagar-ogi eta arrain bi dituan mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?» Jesusek jentea jesarriazoteko agindu eutsen ikasleei. Bedar ederra zan leku haretan eta danak jesarri ziran. Bost milaren bat gizonezko ziran.
Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza esan ondoren, jesarritakoen artean banatu ebazan, eta era berean arrainak ere, gura adina. Ase ziranean, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Batu egizuez hondarrak, ezer galdu ez daiten». Batu ebezan, bada, eta hamabi otzara bete ebezan bost garagar-ogietatik jan ebenek itzitako hondarrez.
Jenteak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, honan inoan: «Hauxe da, benetan, mundura etortekoa zan profetea». Jesusek, ostera, errege egiteko indarrez eroan nahi ebela oharturik, mendira alde egin eban barriro Berak bakarrik.