Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 02-04-2021
bariku santua

Irakurgaia 1


Gure pekatuakaitik zulatu eben.

Isaias Profetearen liburutik
Is 52, 13—53, 12

Hara, nire zerbitzariak arrakastea lortuko dau;
goratua, gorengo mailara jasoa izango da.
Asko eta asko ikaratu ziran haretaz,
hain eban-eta giza itxurea ere galdua
gizakia zanik ere ez zirudian-eta;
era berean, herri asko harrituko dira,
erregeak haren aurrean mutu geldituko,
inoiz kontatu ez jakena ikusiko dabe-eta,
inoiz entzun ez ebena entzungo.
Nork sinistu dau gure mezua?
Nori agertu jako Jaunaren ahalmena?
Jaunaren zerbitzaria zuzterrak lur lehorrean dituan
kimua lez hazi zan haren aurrean;
ez eban duintasunik, ez edertasunik,
ez gure begientzat itxura erakargarririk;
mespretxatua eta jenteak baztertua,
oinaze-gizona, sufritzen ikasia;
ez ikusiarena egiten jakona lez
mespretxatu egin genduan
eta aintzakotzat hartu ez.
Baina gure gaitzak bere gain hartu zituan harek
eta gure oinazeak eroan.
Guk, barriz, zigortutzat geunkan,
Jainkoak zauritu eta atsekabetutzat.
Baina gure pekatuakaitik zulatu eben,
gure erruakaitik txikitu.
Haren gainera jausi zan
guretzat salbagarri dan zigorra:
haren zauriek osatu gaitue.
Ardiak lez genbilzan galdurik,
bakoitza geure bidetik,
eta Jaunak haren gainera bota eban
gu guztion errua.
Txarto erabili eben,
baina bera apaldu egin zan,
ahorik zabaldu barik.
Hiltera daroen bildotsak lez,
ule-moztaileen aurrean isilik dagoan ardiak lez,
ez eban ahorik zabaldu.
Eragozpen eta zuzenbide barik eroan eben;
baina haren zoria nori ardura?
Bizidunen lurretik atara eben,
nire herriaren pekatuagaitik jota.
Gaiztoen artean emon eutsoen lur,
gaizkileekin batera hilobiratu,
nahiz eta berak bidebakokeriarik ez egin
eta haren ahotan maltzurkeriarik ez izan.
Jaunak oinazez josi gura izan eban.
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak
eta bizitza luzea,
eta haren bitartez Jaunaren guraria burutuko da.
Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko dau eta asea izango da.
Bere ezagutzaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak
asko egingo ditu zuzen,
hareen gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.
Horregaitik, jentetza ugaria emongo deutsat ordainetan,
gizataldeak izango ditu garaipen-sari,
bere burua heriotzara emon ebalako,
eta pekatarien kidetzat hartu ebelako.
Guztien pekatuak bere gain hartu ebazan
eta pekatarien alde erregutu eban.

Salmoa


Sal 30, 2 eta 6. 12-13. 15-16. 17 eta 25

R/. Aita, zure eskuetan izten dot neure espiritua!

Zugaz batzen naz, Jauna,
ez nadila behin ere lotsatu:
zeure zuzentasunez onik nagizu atara.
Zure eskuetan izten dot neure arnasa,
askatuko nozu, Jauna, Jainko leiala. R/.

Arerio guztiei barregarri najake,
auzoei irrigarri, ezagunei izugarri:
kalean ikusi eta alde dagie nigandik.
Hildakoa lez nabe bihotzean ahaztu,
ontzi baztertua lez naz geratu. R/.

Nik, ostera, Jauna, uste on Zugan dot,
«Zu zara nire Jainko», dinotsut.
Zure eskuan nire joan-etorriak,
atara nagizu arerioen eskutik,
aurrean narabilenakandik. R/.

Aurpegi argia erakutsi morroi honi,
salbatu nagizu zeure errukiaz.
Bizkortu zaiteze, izan bihotz,
Jaunagan uste on dozuen guztiok. R/.

Irakurgaia 2


Goazen uste osoz graziaren aurkira.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 4, 14-16

Senideok: Gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun sinesmenari; izan ere, gure abade nagusia ez da gure ahuleriaz erruki ez daiteken norbait, bera ere, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan dagigun.

Ebanjelioa


Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Joanen liburutik
Jn 18, 1—19, 42

Getsemanin, Jesus hartu eta lotu egiten dabe.

K Aldi haretan, Jesus eta ikasleak Zedron errekea igaro eta beste aldean egoan baratze batera sartu ziran. Judasek ere, Jesus salduko ebanak, ezagutzen eban leku ha, sarritan batua zan-eta Jesus han bere ikasleekin.
Judas, beraz, tenpluko gudari-taldea eta abadeburu eta fariseuen guardiak harturik, hara joan zan. Zuzi, argiontzi eta armez horniturik joiazan. Jesusek, ondo ekien-eta jazoko jakon guztia, bidera urten eta esan eutsen:
S «Noren bila zatoze?»
K Hareek erantzun:
S «Jesus Nazaretarraren bila».
K Harek orduan:
D «Neu naz».
K Han zan guardiekin batera Judas saltzailea ere. Jesusek «Neu naz» esan eutsenean, atzeraka hasi eta lurrera jausi ziran. Barriro itaundu eutsen:
D «Noren bila zatoze?»
K Hareek erantzun:
S «Jesus Nazaretarraren bila».
K Eta Jesusek:
D «Esan deutsuet Neu nazala. Nire bila bazatoze, itzi honeei joaten».
K Holan bete zan Jesusek berak esandakoa: «Emon deustazuzenetatik ez dot bat ere galdu».
Orduan, Simon Pedrok, aldean eroian ezpatea atara, abade nagusiaren morroia jo eta eskumako belarria ebagi eutsan. Morroiak Malko eban izena. Jesusek esan eutsan Pedrori:
D «Bihurtu ezpatea bere zorrora. Ez al dot, bada, edan behar Aitak emon eustan kaliza?»

Jesus Anasenera eroan eben lehenengo.

K Gudari-taldeak beronen buruzagiagaz eta judu-agintarien guardiek Jesus preso hartu eta, loturik, Anasen etxera eroan eben lehenengo; urte haretako abade nagusi Kaifasen aitaginarreba zan Anas hau. (Kaifas zan juduei aholku hau emon eutsena: «Hobe da gizon bat herriagaitik hiltea»).
Simon Pedro eta beste ikasle bat Jesusen atzetik joan ziran. Beste ikaslea abade nagusiaren ezaguna zan eta, Jesusegaz batera, abade nagusiaren jauregiko patiora sartu zan; Pedro, barriz, kanpoan gelditu zan, ate ondoan. Urten eban orduan abade nagusiaren ezaguna zan ikasleak eta, atezainari berba egin ondoren, Pedro barrura sartuazo eban. Atezain egoan neskameak esan eutsan Pedrori:
S «Zu ere ez ete zara, gero, gizon horren ikasleetakoa?»
K Pedrok erantzun:
S «Ez, ez naz».
K Morroiek eta guardiek sua iziotu eta berotzen ziharduen, hotz egiten eban-eta. Pedro ere hareekaz egoan, berotzen. Abade nagusiak bere ikasleez eta bere irakatsiaz itaundu eutsan Jesusi. Jesusek erantzun eutsan:
D «Ageri-agerian berba egin izan deutsat Nik mundu guztiari; sinagogan eta tenpluan irakatsi izan dot beti, judu guztiak batzen diran lekuan, eta ezer ere ez dot ezkutuan esan. Zergaitik itauntzen deustazu Niri? Itaundu nire entzuleei eta emongo deutsue esan dodanaren barri».
K Hori esan ebaneko, han egoan guardia batek matrailako bat emon eutsan, esanez:
S «Holan erantzuten al deutsazu abade nagusiari?»
K Jesusek erantzun eutsan:
D «Txarto berba egin badot, esan zertan; baina ondo berba egin badot, zergaitik joten nozu?»
K Orduan, Anasek Kaifas abade nagusiagana bialdu eban Jesus lotuta

Zu ere ez al zara horren ikasleetakoa? Ez! Ni ez!

Bitartean, han egoan Simon Pedro berotzen, eta esan eutsoen:
S «Zu ere ez al zara horren ikasleetakoa?»
K Pedrok ukatu egin eban, esanez:
S «Ez, ez naz».
K Abade nagusiaren morroietako batek, Pedrok belarria ebagi eutsanaren senideak, esan eutsan:
S «Ez ete zaitut, bada, neuk ikusi Beragaz baratzean?»
K Pedrok barriro ere ukatu egin eban, eta oilarrak jo eban bat-batean.

Nire erregetza ez da mundu honetakoa.

Kaifasen etxetik Gobernadorearen jauregira eroan eben Jesus. Goizaldea zan. Juduek ez ziran jauregian sartu, euren buruak ez kutsatzeko, bestela ezin izango eben-eta pazko-afarian parte hartu. Pilatok kanpora urten eta itaundu eutsen:
S «Zertaz salatzen dozue gizon hau?»
K Hareek erantzun eutsoen:
S «Gaizkilea ez balitz, ez geuskizu ekarriko».
K Pilatok esan eutsen:
S «Eroan zeuek eta epaitu zeuen legearen arabera».
K Juduek orduan:
S «Guri ez jaku zilegi inor heriotzara kondenatzea».
K Holan beteko zan Jesusek esandakoa, zein heriotzaz hilgo zan adierazo ebanean. Pilato jauregira sartu zan barriro eta, Jesusi deiturik, itaundu eutsan:
S «Juduen erregea al zara zu?»
K Jesusek erantzun:
D «Zeure buruz itauntzen al deustazu hori ala besteek esan deutsue hori Nitaz?»
K Pilatok esan eutsan:
S «Judua ete naz, bada, ni? Zure herritarrek eta abadeburuek ekarri zaitue nigana. Zer egin dozu?»
K Jesusek erantzun:
D «Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jenteak borroka egingo eukean, Ni juduen eskuetan ez jausteko. Nire erregetza, ostera, ez da hemengoa».
K Orduan, Pilatok esan eutsan:
S «Beraz, errege zara Zu?»
K Jesusek erantzun eutsan:
D «Bai, errege naz, zeuk dinozun lez. Horretarakoxe jaio eta etorri naz mundura: egiaren testigantza egiteko. Egiarena danak entzuten dau nire ahotsa».
K Pilatok itaundu eutsan:
S «Zer da egia?»
K Hori esanik, barriro ere juduekana urten eta esan eutsen:
S «Nik ez deutsat errurik aurkitzen gizon honi. Baina badozue ohitura nik Pazko-jaietan preso bat askatzekoa: Nahi al dozue juduen erregea askatzea?»
K Hareek, barriz, deadarka:
S «Hori ez! Askatu Barrabas!».
K Barrabas hau bidelapurra zan.

Agur, juduen errege!

Pilatok, orduan, Jesus zigortzeko agindu eban. Gudariek, arantzazko koroa eginik, buruan ezarri eutsoen eta purpurazko mantua bota eutsoen gainera. Eta, hurreraturik, esaten eutsoen:
S «Agur, juduen errege!»
K Eta matrailakoka erabilen. Urten eban barriro ere Pilatok eta esan eutsen juduei:
S «Hara, kanpora dakartsuet, jakin dagizuen ez deutsadala errurik aurkitzen».
K Urten eban, bada, kanpora Jesusek, arantzazko koroa eta purpurazko mantua eroiazala. Pilatok esan eutsen:
S «Hemen dozue gizona».
K Abadeburuak eta guardiak, Ha ikustean, deadarka hasi ziran:
S «Kurutzera hori! Josi kurutzean!»
K Pilatok esan eutsen:
S «Eroan zeuek eta kurutzeratu; nik ez deutsat errurik aurkitzen».
K Juduek erantzun eutsoen:
S «Guk badogu Legea, eta Lege horren arabera heriotza-zigorra merezi dau, Jainkoaren Seme egin dau-eta bere burua».
K Hori entzutean, oraindino gehiago bildurtu zan Pilato eta, barriro jauregira sarturik, itaundu eutsan Jesusi:
S «Nongoa zara Zu?»
K Jesusek, ostera, ez eutsan erantzun ere egin. Orduan, Pilatok esan eutsan:
S «Ez al deustazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea daukadana Zu askatzeko nahiz kurutzeratzeko?»
K Jesusek erantzun eutsan:
D «Ez zeunke nire gain bat ere aginpiderik izango, Jainkoak emon ez baleutsu. Horregaitik, zure esku itzi nauanak pekatu handiagoa dauko».

Kendu Hori, kendu! Josi kurutzean!

K Ordutik, Jesus askatu guran ebilen Pilato. Baina juduak deadarka hasi jakozan:
S «Hori askatzen badozu, ez zara enperadorearen adiskide. Bere burua errege egiten dauanak enperadorearen aurka dihardu».
K Pilatok, berba horreek entzutean, kanpora eroan eban Jesus eta auzitegian jesarriazo, «Harlauzatua» —hebreeraz Gabbata— eritzon lekuan. Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eguerdi ingurua. Pilatok esan eutsen juduei:
S «Horra hor zuen erregea».
K Orduan, hareek deadarka:
S «Kendu Hori, kendu! Josi kurutzean!»
K Eta Pilatok:
S «Zuen erregea kurutzeratu behar al dot?»
K Abadeburuek erantzun eutsoen:
S «Ez dogu enperadorea beste erregerik».
K Orduan, Pilatok hareen esku itzi eban, kurutzeratu egien.

Kurutzean josi eben, eta Haregaz batera beste bi.

Hartu eben, beraz, Jesus, eta, kurutzea sorbaldan eroiala, «Buru-hazur» —hebreeraz Golgota— eritzon lekurantz urten eban. Han josi eben kurutzean, eta haregaz batera beste bi, alde bakoitzean bana, eta erdian Jesus. Pilatok kartel bat idatzi eta kurutze-buruan ipini eban; hau egoan idatzita: JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA.
Judu askok irakurri eban kartela, uritik hurrean egoan-eta Jesus kurutzeratu eben lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz egoan idatzita. Juduen abadeburuek esan eutsoen Pilatori:
S «Ez idatzi "Juduen erregea", "Juduen erregea dala dinoala" baino».
K Pilatok erantzun eban:
S «Idatzia idatzirik bego».

Nire jantziak euren artean banatu ebezan.

K Gudariek, Jesus kurutzean josi ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin ebezan, bakoitzarentzat bana; gero, tunikea hartu eben baina jostura bakoa zanez, hau da, goitik behera ehundua, alkarri esan eutsoen:
S «Ez dagigun urratu; zotz egin dagigun ea zeinentzat urteten dauan».
K Holan bete zan Liburu Santuak dinoana: «Nire jantziak euren artean banatu ebezan, eta nire tunikea zotz egin». Hain zuzen ere, horixe egin eben gudariek.

Horra hor zure Semea. Horra hor zure ama!

Jesusen kurutzearen ondoan egozan haren ama, amaren ahiztea, Maria Kleofasen emaztea eta Maria Magdalena. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite eban ikaslea ikusirik, esan eutsan amari:
D «Emakume, horra hor zure semea!»
K Gero, ikasleari esan eutsan:
D «Horra hor zure ama!»
K Eta ordutik aurrera ikasleak bere etxean hartu eban.

Bete da dana.

Ondoren, Jesusek, dana bete zala jakinik, Liburu Santuak esana osorik bete zedin, esan eban:
D «Egarri naz».
K Bazan han ozpinez betetako pitxar bat. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera bati muturrean loturik, ezpanetara hurreratu eutsoen. Ozpina hartutakoan, Jesusek esan eban:
D «Bete da dana».
K Eta, burua makurtuz, azken arnasea emon eban.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egiten da.

Odolak eta urak urten eben.

Pazko-jairako prestaketa-eguna zan, eta juduek ez eben nahi gorpuak zapatuz kurutzean gelditzerik, zapatu ha oso jaiegun handia zan-eta. Horregaitik, kurutzeratuei berna-hazurrak hausi eta handik kentzeko eskatu eutsoen Pilatori. Joan ziran, bada, gudariak eta berna-hazurrak hausi eutseezan Jesusegaz kurutzeratutako biei; baina, Jesusegana heldu ziranean, ordurako hilik egoala ikusirik, ez eutsoen berna-hazurrik hausi, baina gudari batek lantzaz saihetsa zulatu eutsan, eta bat-batean odolak eta urak urten eben.
Ikusi ebanak berak autortzen dau eta haren autormena benetakoa da. Berak badaki egia dinoana, zuek ere sinistu dagizuen. Hau Liburu Santuak dinoena bete zedin jazo zan: «Ez deutsoe hazurrik hausiko». Eta beste pasarte batean hau dino: «Zulatu ebenari begiratuko deutsoe».

Jesusen gorpua, usain gozoz igurtzirik,
oihaletan batu eben.

Gero, Arimateako Josek Jesusen gorpua eroateko baimena eskatu eutsan Pilatori. Jesusen ikaslea zan Jose, baina isilpean, juduen bildurrez. Pilatok baimena emon eutsan. Harek, orduan, joan eta Jesusen gorpua eroan egin eban.
Etorri zan Nikodemo ere —behin batean gauez Jesus ikustera joan zan ha— hogeita hamarren bat kiloko mirra eta aloezko nahastura ekarrela. Hartu eben, bada, Jesusen gorpua eta oihal-zerrendaz batu eben, tartean usainkiak ezarriz, juduek hobiratzeko daben ohiturearen arabera. Jesus kurutzeratu eben lekutik hurrean, baratze bat egoan, eta baratzean ordurarte inor hobiratu bako hilobi barria. Hilobia hurrean egoanez, hantxe ipini eben Jesus, juduen Pazko-eguna hasteko egoan-eta.