Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 16-03-2021
martitzena

garizuma, IV. astea martitzena

Irakurgaia 1


Ura ikusi neban tenplutik urteten; eta ur hori heldu jaken guztiak salbau egin ziran.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 47, 1-9. 12

Egun hareetan, tenpluko sarrerara eroan ninduan gizonak. Ura ikusi neban tenpluko ate azpitik urten eta ekialdera joaten, tenplua sortaldera begira egoan-eta. Ura tenpluaren eskuinaldetik jaisten zan, altarearen hegoaldera. Gero, iparraldeko atetik urtenarazo ninduan, eta kanpotik jira-bira eginarazo eustan sortaldera begira egoan sarreraraino. Eskumaldetik joian ura isurian.
Gizonak sortalderantz urten eban eta eskuan eban kordelaz bostehun metro neurtu zituan, eta uretik eroan ninduan: orkatilaraino heltzen jatan. Beste bostehun metro neurtu, eta uretik eroan ninduan: gerriraino heltzen jatan. Beste bostehun metro neurtu zituan: igaro ezineko ibaia zan, hain ziran-eta handiak urak; ibai ha ezin neban igerian baino zeharkatu. Gizonak esan eustan: «Gizaseme, ikusi al dozu?» Eta, bihurtzean, ibaiaren bazterretik eroan ninduan.
Bihurtzean, ibaiaren alde bietan zuhaitz asko egoala ohartu nintzan. Gizonak esan eustan: «Ur hau sortaldera doa, Araba haranera jaisten da eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo ditu. Ibaia helduko dan edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango da; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko dau doan toki guztietan.
Ibaiaren ertz bietan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez jake orririk jausiko, eta eten barik emongo dabe frutua, hilero emonaldi bat, santutegitik sortzen dan urak ureztatzen ditu-eta. Frutuak janari izango dira, eta orriak osagai».

Salmoa


Sal 45, 2-3. 5-6. 8-9

R/. Gudari taldeen Jauna gugaz, Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gugaz.

Jainkoa dogu gordeleku eta indar,
Bera izan jaku estualdian laguntzaile azkar.
Horregaitik ez gara bildurtuko lurra bada dardaratzen,
nahiz mendiak itsas erdira jausten.R/.

Ibai-besoak alaitzen dabe Jainko-uria,
Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.
Jainkoa dauko erdian, ez da lokatuko,
egunsentiagaz Jainkoak deutso lagunduko.R/.

Gudari-taldeen Jauna gugaz,
Jakoben Jainkoa gaztelu sendo gugaz.
Etorri eta ikusi Jaunak eginak,
lurrean egin dituan harrigarriak.R/.

Ebanjelioa


Bat-batean osaturik gelditu zan gizona.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 5, 1-3a. 5-16

Aldi haretan, juduen jai bat ospatzen zan, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Bada Jerusalemen, Ardien Atea dalakoaren ondoan, hebreeraz Betzata deritzon uraska bat, bost aterpe dituana. Aterpeetan gaixo asko egoten zan, lurrean etzunda: itsu, herren eta elbarri.
Bazan han hogeita hamazortzi urtez gaixorik egoan gizon bat. Jesusek, han etzunda ikusi eta aspalditik egoera haretan egoala jakinik, esan eutsan: «Gura al dozu osatu?» Gaixoak erantzun eutsan: «Jauna, ez dot inor ura mugitzean uraskara sartuko nauanik; ni heltzerakoan, besteren batek aurrea hartzen deust». Jesusek esan eutsan: «Jagi, hartu ohatilea eta ibili». Une berean osaturik gelditu zan gizona ohatilea hartu eta ibilten hasi zan.
Zapatua zan egun ha, atseden-eguna. Horregaitik, juduek esan eutsoen osatuari: «Zapatua da, eta ez dozu zilegi ohatilea eroatea». Harek erantzun eutsen: «Osatu nauanak berak esan deust: "Hartu ohatilea eta ibili"». Orduan, itaundu eutsoen: «Nor da ohatilea hartu eta ibilteko esan deutsuna?» Osatuak, ostera, ez ekian nor zan, Jesus ezkutau egin zan-eta inguruko jentearen artean.
Gero, Jesusek tenpluan aurkitu eban eta esan eutsan: «Begiratu, osaturik zagoz. Ez egin pekaturik barriro, okerragorik jazo ez dakizun». Joan zan gizon ha, eta juduei jakinarazo eutsen Jesus zala osatu ebana. Horregaitik, hain zuzen, erasoten eutsoen juduek Jesusi: zapatuz halako gauzak egiten zitualako.