Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 15-03-2021
astelehena

garizuma, IV. astea astelehena

Irakurgaia 1


Ez da han gehiago entzungo negar-hotsik, ez garrasirik.

Isaias Profetearen liburutik
Is 65, 17-21

Honan berba egiten dau Jaunak:
«Hara, zeru barriak
eta lur barria egingo ditut;
lehengoen oroitzapenik ez da geldituko,
eta ez dira barriro gogora etorriko.
Bestetara, amaibako poza eta alaitasuna izango dabe
Nik egingo dodanagaitik,
poz-uri egingo dot-eta Jerusalem,
alaitasun-herri bertako jentea.
Pozaren pozez izango naz Jerusalemengaitik,
alai neure herriagaitik.
Ez da han gehiago entzungo
negar-hotsik, ez garrasirik.
Ez da han izango jaio eta laster hilgo danik,
ezta bere adin betera helduko ez danik ere,
ehun urtetan hiltea gazterik hiltea izango da-eta,
eta ehun urtera heltzen ez dana madarikatutzat emongo.
Etxeak egin eta hareetan biziko dira,
mahastiak landatu eta hareen frutua jango dabe».

Salmoa


Sal 29, 2 eta 4, 5-6. 11-12ª eta 13b

R/. Goratuko zaitut, Jauna, onik atara nozulako.

Goratzen zaitut, Jauna, onik atara nozulako,
arerioei nire lepotik pozten itzi ez deutsezulako.
Jauna, Heriotz-leizetik atara nozu,
zulora jaisteko zorian nengoala bizibarritu. R/.

Kanta Jaunari, haren fededunok,
goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.
Une baterako da haren hasarrea,
bizi guztirako haren on izatea.
Arratsean negarra da gurean,
poz-oihua goizean. R/.

Entzun, Jauna, eta erruki nitaz,
izan zakidaz laguntzaile, Jauna».
Negarra dantza bihurtu deustazu,
Jauna, ene Jainkoa, eskerrak emongo deutsudaz beti. R/.

Ebanjelioa


Zoaz, semea onik dozu eta!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 4, 43-54

Aldi haretan, Jesus Samariatik urten eta Galileara joan zan. Jesusek berak autortu eban profetea ez dabela bere herrian aintzat hartzen. Halan ere, Galileara heldu zanean, galilearrek harrera ona egin eutsoen. Izan ere, Jerusalemen izanak ziran eurak ere eta ikusi ebezan Jesusek Pazko-jaietan egin zituan guztiak.
Jesus Galileako Kanara joan zan barriro, ura ardo bihurtu eban herrira. Bazan han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik eukana. Funtzonarioak, Jesus Judeatik Galileara etorri zala jakitean, Haregana joan eta bere semea osatzera jaisteko eskatu eutsan, hilzorian egoala-eta. Jesusek erantzun eutsan: «Ezaugarriak eta egintza harrigarriak ikusten ez badozuez, ez dozue sinesten». Baina errege-funtzionarioak barriro: «Zatoz, Jauna, nire umea hil baino lehen». Jesusek esan eutsan: «Zoaz etxera, semea onik dozu eta». Gizonak sinestu egin eban Jesusek esana eta joan egin zan.
Etxerakoan, morroiek urten eutsoen bidera, semea onik ebala esanez. Orduan itaundu eutsen zein ordutan hasi zan oneratzen. Eta hareek erantzun: «Atzo eguerdiko ordu batetan itzi eutsan sukarrak». Konturatu zan aita ordu haretan esan eutsala Jesusek: «Onik dozu semea». Eta sinestu egin eben Jesusegan berak eta etxeko guztiek.
Judeatik Galileara bihurtu zanean egin eban Jesusek bigarren ezaugarri hau.