Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 13-03-2021
zapatua

garizuma, III. astea zapatua

Irakurgaia 1


Gurago dot maitasuna sakrifizioak baino.

Oseas Profetearen liburutik
Os 6, 1-6

Zatoze, bihurtu gaitezan Jaunagana;
Berak urratu gaitu
eta Berak osatuko;
Berak zauritu gaitu
eta Berak deuskuz zauriak lotuko.
Egun bitan biziarazoko gaitu,
hirugarrenean biztuko
eta Haren aurrean gara biziko.
Ahalegindu gaitezan Jauna ezagutzen:
egunsentia baizen ziur helduko da,
neguko euria lez etorriko jaku,
udabarriko euria lur-hondora lez.
Zer egingo dot zugaz, Efraim?
Eta zer zugaz, Juda?
Zure maitasuna goizeko lainoa lakoa da,
bat-batean kentzen dan goizeko iruntza lakoa.
Horregaitik zauritu zaituet profeten bitartez,
horregaitik emon deutsuet
heriotzea ahoko berbaz.
Nire epaiak argiak lez egiten dau disdira.
Gurago dot maitasuna sakrifizioak baino,
Jainkoaren ezaguerea erre-opariak baino.

Salmoa


Sal 50, 3-4. 18-19. 20-21ab

R/. Opariak barik, leialtasuna gura dot Nik.

Erruki zakidaz, Jainko, zure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zeure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik. R/.

Ez jatzu-eta atsegin oparirik,
erre-opariak ez zendukez hartuko nik emonik.
Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
ez dozu baztertuko, Jainko,
bihotz damutu eta umildua. R/.

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionegaz,
barriztau egizuz Jerusalemgo harresiak.
Orduan onartuko dozuz
legezko opari, eskeintza eta erre-opariak. R/.

Ebanjelioa


Zergalaria Jainkoagaz adiskideturik jaitsi zan etxera; fariseua, barriz, ez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 18, 9-14

Aldi haretan, parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten ebezan batzuei:
«Gizon bik igon eben tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutunik, honan egiten eban otoitz bere barruan: "Eskerrak emoten deutsudaz, ene Jainko, besteak lakoa ez nazalako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori lakoa ere. Astean bitan egiten dot barau, eta ditudan guztien hamarrenak emoten ditut".
Zergalaria, barriz, urrun gelditurik, ez zan begiak zerura jasotera ere ausartzen. Bular joka ziharduan, ostera, esanez: "Ene Jainko, erruki zakioz pekatari honi!"
Hara Nik esan: azkeneko hau Jainkoagaz adiskideturik bihurtu zan etxera; bestea, barriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana goratu».