Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 12-03-2021
barikua

garizuma, III. astea barikua

Irakurgaia 1


Ez deutsegu gehiago “geure jainko” esango geure eskuaz eginei.

Oseas Profetearen liburutik
Os 14, 2-10

Honan berba egiten dau Jaunak:
«Bihurtu zaitez, Israel, Jaunagana, zeure Jainkoagana,
zeure gaiztakeriakaitik jausi zara-eta.
Prestau egizuez berba egokiak eta bihurtu Jaunagana;
esaiozue: "Kendu egiguzu gaiztakeria guztia,
eta hartu onez geure ezpanez egiten deutsugun oparia.
Ez gaitu Asiriak salbauko;
ez dogu ustea guda-zaldietan jarriko,
eta ez deutsegu gehiago `geure jainko´ esango
geure eskuez eginei.
Zugan aurkitzen dau umezurtzak errukia".
Nik osatuko dot hareen desleialkeria
eta bihotz zabalez maitatuko ditut,
urrundua dot-eta hareekandik hasarrea.
Iruntza lez izango naz Israelentzat;
lilia lez loratuko da
eta Libanoko zuhaitzak lako
zuztarrak botako ditu;
kimuak urtengo deutse;
haren ederra olibondoarena lakoa izango da,
eta haren usaina Libanokoa baizen gozoa.
Haren itzalpean biziko dira barriro,
garia lez bizibarrituko dira,
mahastiaren antzera loratuko
eta haren ospea Libanoko ardoarena lakoa.
Efraimek esango dau:
"Zer ardura deuste sasijainkoek hemendik aurrera?"
Nik, Jaunak, erantzuten deutsat
eta haretaz arduratzen naz.
Zipresaren antzeko naz Ni, beti berde:
Nigandik jatortsu frutua.
Jakintsuak ulertu begi hau guztia,
burutsuak jaso begi esangurea.
Bai, zuzenak dira Jaunaren bideak,
eta zintzoak horreetan dabilz;
pekatariak, barriz, jausi egiten dira».

Salmoa


Sal 80, 6c-8a. 8bc-9. 10-11ab. 14 eta 17

R/. Neu nozu Jauna, zure Jainkoa: entzun nire berbea.

Berbakera ez-ezaguna entzun neban:
“Kendu deutsat bizkarretik kargea,
haren eskuak itzi dabe otsara-lana.
Larrialdian ohiu egin deustazu eta askatu zaitut”. R/.

“Ekaitzaren barrutik erantzun deutsut,
Meribako uretan aztertu zaitut.
Entzun, ene herri, zure aurka dodan autormena,
entzungo al nozu, Israel!”. R/.

“Ez bedi zugan besteren jainkorik,
ez gurtu erbesteko jainkorik.
Neu nozu Jauna, zure Jainkoa,
Ejiptotik Neuk zaitut atara”. R/.

“Ai, entzungo banindu nire herriak!
Israel balebil nire bidean!
Gari guriz neuke janarituko,
eta harkaitzeko eztiz asebeteko”. R/.

Ebanjelioa


Hau da lehenengo agindua. Bigarrena, barriz, honen parekoa da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 12, 28b-34

Aldi haretan, lege-maisu batek Jesusegana hurreratu eta itaundu eutsan: “Zein da agindu guztietan nagusiena?”
Jesusek erantzun: “Hau da nagusiena: "Entzun, Israel: Jauna, gure Jainkoa, Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz". Bigarrena, barriz, hau da: "Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez". Ez da honeek baino agindu handiagorik”.
Lege-maisuak esan eutsan: “Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala beste Jainkorik esatean, eta Ha bihotz-bihotzez, adimen guztiz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua lez maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatea”.
Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutsan: “Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik”.
Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egitera ausartzen.