Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 07-01-2021

Irakurgaia 1


Aztertu egizue Jainkoagandik ete diran espiritu horreek.

San Joan Apostoluaren lehenengo gutunetik
1 Jn 3, 22-4, 6

Seme-alaba maiteok: Eskatu ahala guztia hartzen dogu Jainkoagandik, haren aginduak beteten doguzalako eta Hari atsegin jakona egiten.
Eta hau da haren agindua: beraren Seme Jesu Kristoren izenean sinestu eta alkar maitatu dagigula, Berak agindu euskun lez. Haren aginduak beteten dituana Jainkoagan dago eta Jainkoa haregan. Honan dakigu gugaz dagoana: emon deuskun Espirituaren bidez.
Ene maiteok, ez sinestu espiritua ei daukon edozeini; aztertu lehenengo Jainkoagandik datorren ala ez, sasiprofeta asko agertu da-eta munduan. Honan jakingo dozue norbaitek Jainkoaren Espiritua dauan ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dala autortzen dauanak Jainkoaren Espiritua dau. Baina Jesus autortzen ez dauanak ez dau Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baino. Entzun dozue hau etortekoa dala; hara bada, munduan da honezkero.
Zuek, ene seme-alabok, Jainkoarenak zaree, eta garaitu dozuez sasiprofeta horreek, zuekan dagoana munduan dagoana baino handiagoa da-eta. Hareek mundukoak dira; horregaitik, munduaren arabera berba egiten dabe, eta mundukoek entzun egiten deutsee. Gu, barriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen dauanak entzuten deusku. Jainkoarena ez danak ez deusku entzuten. Honetatik jakin daikegu nork dauan egiaren espiritua eta nork guzurrarena.

Salmoa


Sal 2, 7-8. 10-11

R/. Atzerriak emongo deutsudaz Nik ondare.

Iragarri egingo dot Jaunaren erabagia:
Jaunak esan deust: «Nire seme zara zu;
Nik zaitut gaur sortu».
Eskatu niri, eta atzerriak emongo Nik ondare,
lurbira osoa zure mugape. R/.

Entzun, beraz, orain erregeok,
Zentzundu zaiteze lurreko buruzagiok.
Zerbidu egizue Jauna bildurrez,
ikaraz agur egiozue ahuspez. R/.

Ebanjelioa


Hurrean da zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 4, 12-17. 23-25

Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebela jakin ebanean, Jesus Galileara baztertu zan. Baina Nazaret itzirik, itsasbazterrean dagoan Kafarnaumen jarri zan biziten, Zabulonen eta Neftaliren lurraldean. Holan bete zan Isaias profeteak esana:
«Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsasbidea, Jordanen bestaldean,
jentilen Galilea.
Ilunpetan bizi zan herriak argi handia ikusi eban;
Heriotz-kerizpean bizi ziranei
argiak disdira egin eutsen».
Ordutik hasi zan Jesus iragarten: «Bihozbarritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua».
Jesus Galilea osoan zehar ebilen, hango sinagogetan irakasten, erreinuaren Barriona iragarten eta herrian gaitz eta gaixotasun guztiak osatzen. Siria guztian zabaldu zan haren izena. Edozein gaitz eta oinazek jotakoak eroaten eutsoezan: deabrudun, epileptiko nahiz elbarri, eta Harek osatu egiten zituan. Eta Galilea, Dekapolis, Jerusalem, Judea eta Jordanez bestaldetik etorritako jentetza handiak jarraitzen eutsan.