Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 05-01-2021

Irakurgaia 1


Guk honetatik dakigu heriotzatik bizira aldatu gareala: senideak maite doguzalako.

San Joan Apostoluaren lehenengo gutunetik
1 Jn 3, 11-21

Seme-alaba maiteok: Hau da hasieratik entzun zenduen mezua: maitatu dagigula alkar, ez Kainek lez, Gaiztoarena zalako anaia hil eban-eta. Eta zergaitik hil eban? Beraren egintzak gaiztoak ziralako; anaiarenak, barriz, zuzenak.
Ez harritu, senideok, munduak gorroto badeutsue. Guk badakigu heriotzatik bizira aldatu gareana, eta hori, senideak maite doguzalako. Maite ez dauanak heriotzan jarraitzen dau. Bere senidea gorroto dauana giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak ez dauala beragan betiko bizia.
Honetan ezagutu dogu zer dan maitasuna: Kristok bere bizia gure alde emotean. Guk ere geure bizia emon behar dogu senideentzat. Norbaitek lurreko ondasunak izan, eta senidea beharrizanean ikusirik, bihotza ixten badeutso, zelan iraungo dau haregan Jainkoaren maitasunak? Ene seme-alabok, ez dagigula berbaz eta ahoz maitatu, egitez eta benetan baino.
Holan jakingo dogu egiarenak gareala, eta nasaituko dogu geure barrua Jainkoaren aurrean; gure barruak errudun gareala esaten badeusku ere, gure barrua baino handiagoa da Jainkoa, eta guztia ezagutzen dau. Ene maiteok, barruak errudun gareala esaten ez badeusku, uste osoa dogu Jainkoagan.

Salmoa


Sal 99, 2. 3. 4. 5

R/. Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari zerbitzu alai egiozue,
haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.

Jakizue Jauna dala Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Beraren herri eta larreko artalde. R/.

Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreka,
emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

Onbera da-eta Jauna,
haren maitasuna betidaino,
haren leialtasuna mendeen mendeetaraino. R/.

Ebanjelioa


Jainkoaren Semea zara Zu; Israelgo Erregea zara Zu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 1, 43-51

Aldi haretan, Jesusek Galilea aldera joan gura eban. Felipe aurkitu eban, eta esan eutsan: «Jarraitu Niri». Felipe Betsaidakoa zan, Andresen eta Pedroren herrikoa.
Felipek Natanael aurkitu eban, eta esan eutsan: «Moisesek legearen liburuan eta Profetek euren idazkietan aitatu ebena aurkitu dogu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek esan eutsan: «Nazaretetik urten ete daike ezer onik?» Felipek erantzun: «Zatoz eta ikusi».
Jesusek Natanael Beragana etorten ikusi eta esan eban: «Hona hemen benetako israeldarra, faltsukeria bakoa». Natanaelek esan eutsan: «Nondik ezagutzen nozu?» Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zineala, ikusi zindudazan». Natanaelek erantzun eutsan: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo Erregea zara». Jesusek erantzun: Pikupean ikusi zindudazala esan deutsudalako, sinesten al dozu? Handiagorik ere ikusiko dozu». Eta esan eutsan, gainera: «Bene-benetan dinotsuet: Zerua zabalik ikusiko dozue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean».