Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 31-12-2020

Irakurgaia 1


Zuek Santuagandik hartu dozue oliadurea,eta guztiok badakizue hori.

San Joan Apostoluaren lehengo gutunetik
1 Jn 2, 18-21

Seme-alabok, azken ordua da. Entzun dozue antikristoa badatorrela. Hara, bada, antikristo asko agertu dira honezkero, eta horretatik dakigu azken ordua dana. Gure artetik urten dabe, baina ez ziran benetan gutarrak. Gutarrak izan balira, gugaz jarraituko eben. Baina holan jazo da, guztiak gutarrak ez zirala agertu eitean.
Zuek, ostera, Jainkoagandik datorren Espiritu Santua dozue eta guztiok ezagutzen dozue egia. Idatzi badeutsuet, ez da egia ezagutzen ez dozuelako, ezagutzen dozuelako baino, eta egiatik ezelako guzurrik urteten ez daualako.

Salmoa


Sal 95, 1-2. 11-12a. 12bcd-13

R/. Poztu bedi ortzia, alaitu lurra.

Kanta Jaunari kantu barri;
kanta, lur osoa, Jaunari.
Kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena,
iragarri egunez egun, haren salbamena. R/.

Poztu bedi ortzia, alaitu lurra,
orroa egin begi itsasoak bertan bizi diranekin,
txalo egin begi landeak bertan diran guztiekin. R/.

Poztu beitez basoko zuhaitzak
Jaunaren aurrean, badatorrelako,
lurra epaitzera datorrelako.
Zuzenbidez epaituko dau lurbira,
eta leialtasunez herriak. R/.

Ebanjelioa


Berbea haragi egin zan, eta gure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 1, 1-18

Hasieran bazan Berbea,
eta Berbea Jainkoagaz zan,
eta Jainkoa zan berbea.
Berbea hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak beraren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezer ez da Ha barik egin.
Berbeagan zan bizia,
eta bizia gizakien argia zan;
argiak ilunpetan argi egiten dau,
baina ilunpeek ez eben onartu.
[Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.]
Berbea zan egiazko argia,
mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta mundua haren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.
Onartu eben guztiei, barriz,
haren izenean sinesten dabenei, hain zuzen ere,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ez eta giza nahieratik ere,
Jainkoagandik baino.
Eta Berbea gizon egin zan,
eta gure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari jagokon aintza.
[Joanek Haretaz egin eban autormen, oihuka esanez: «Hau zan nik esan neban Ha: Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa zan-eta».
Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak emon deusku haren barri.]