Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 25-12-2020
Jaunaren Jaiotza

Irakurgaia 1


Semea emon jaku.

Isaias Profetearen liburutik
Is 9, 1-3. 5-6

Ilunpetan ebilen herriak
argi handia ikusi eban;
heriotz-kerizpean bizi ziranei
argiak egin eutsen disdira.
Gehitu zenduan poza eta handitu atsegina;
pozetan dabilz zure aurrean,
uzta batzean izaten dan pozaz,
harrapakinak banatzean izaten dan atseginaz.
Apurtu dozu-eta lepoan eroien buztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makilea,
Madiango gudarostea apurtu zenduan lez.
Ume bat jaio jaku,
semea emon jaku;
beroni ezarri jako aginpidea,
eta haren izena Kontseilari harrigarri,
Jainko indartsu, Betiko Aita, Bake Errege.
Handia izango da haren aginpidea,
Amai bakoa bakea,
Daviden tronuan eta haren erreinuan;
sendo egingo da eta
zuzenbidean eta justizian oinarrituko,
gaurdanik eta betidaino.
Jaun ahalguztidunaren maiteminak
egingo dau hau.

Salmoa


Sal 95, 1-2. 3 eta 11-12a. 12bcd-13

R/. Salbatzaile bat jaio jaku gaur: Mesias, Jauna.

Kanta Jaunari kantu barri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
Kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena,
iragarri egunez egun Haregandiko salbamena. R/.

Zabaldu Haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan.
Poztu bedi ortzia, alaitu lurra,
orroa egin begi itsasoak bertan bizi diranekin,
txalo egin begi landeak bertan diran guztiekin. R/.

Poztu beitez basoko zuhaitzak,
Jaunaren aurrean, badatorrelako,
lurra epaitzera datorrelako.
Zuzenbidez epaituko dau lurbira,
eta leialtasunez herriak. R/.

Irakurgaia 2


Agertu jaku Jainkoaren grazia, gizon-emakume guztientzat salbagarri.

San Paulo Apostoluak Titori egindako gutunetik
Tt 2, 11-14

Agertu da Jainkoaren grazia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. Honek Jainko bako bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten irakasten deusku, eta neurriz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua noiz beteko zain, Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Harek bere burua emon eban gugaitik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri berezi izan gaitezan, on egin zale.

Ebanjelioa


Salbatzailea jaio jatzue gaur.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 2, 1-14

Egun hareetan, mundu guztiaren erroldea egiteko agindua atara eban Augusto enperadoreak. Lehen errolda hau Siriako gobernadore Kirino zala egin zan. Beraz, erroldatzera joan ziran danak, nor bere herrira.
Josek ere, Daviden etxekoa eta jatorrikoa izanik, Galileako Nazaret herritik Judeara igon eban, Belem deritzon Daviden herrira, bere emazte Mariagaz erroldatzera. Maria umedun egoan. Belemen egozala, umea izateko egunak bete jakozan, eta bere lehensemea izan eban. Oihaletan batu eta askan etzun eban, ez zan-eta ostatuan hareentzako lekurik.
Baziran inguru haretan artzain batzuk, gauez euren artaldea txandaka zaintzen. Honetan Jaunaren aingeru bat agertu jaken, eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituan; hareek, bildurrak jota gelditu ziran. Aingeruak, ostera, esan eutsen: “Ez izan bildurrik! Begira, poz handia sortuko dauan Barriona iragarten deutsuet, herri guztiarentzat izango dana: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna jaio jatzue gaur Daviden herrian. Eta hau izango dozue seinale: ume bat aurkitu dozue, oihaletan batuta eta askan etzunda”. Eta bat-batean aingeruari zerutar talde handi bat batu jakon, Jainkoa goratzen ebela, esanez: “Aintza zeruetan Jainkoari, eta bakea lurrean haren gogoko gizon-emakumeei”.

Jaunaren Jaiotza

Irakurgaia 1


Atsegin izango dau zugan Jaunak.

Isaias Profetearen liburutik
Is 62, 1-5

Sionen maitasunez ez naz isilduko,
Jerusalemen maitasunez ez naz geldi egongo;
Jaunaren garaipena goiz-argia lez agertu arte,
haren salbamenak zuziak lez disdiratu arte.
Eta ikusiko dabe herriek zure garaipena,
errege guztiek zure ospea;
izen barria ezarriko jatzu,
Jaunak berak emona.
Koroa eder izango zara Jaunaren eskuan,
errege-diademaz
zeure Jainkoaren eskuan.
Ez deutsue barriz deituko «Zapuztua»,
ezta zure lurraldeari ere “Hondatua”.
“Ene atsegina” deituko deutsue zuri
eta “Emazte” zure lurraldeari,
atsegin izango dau-eta zugan Jaunak
eta emaztetzat hartuko dau zure lurraldea.
Mutila neskatileagaz ezkontzen dan lez,
holan ezkonduko da zugaz zure eregitzailea;
senarra emazteagaz pozten dan lez,
holan poztuko da zugaz Jainkoa.

Salmoa


Sal 88, 4-5. 16-17. 27 eta 29

R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

“Egin dot nire hautatuagaz ituna,
David nire morroiari zin egin neutsana.
Betiko sendotuko dot zure hazia,
menderen mende eregiko zure aurkia”. R/.

Bai dohatsu, Zuri pozez oihu egiten dakian herria:
Jauna, zure aurpegiko argian dabil.
Zure izenaz dira beti pozten,
zure zuzentasunaz harrotzen. R/.

Berak deituko deust: Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza.
Gordeko deutsat beti nire maitasuna,
zintzo izango egin neutsan ituna. R/.

Irakurgaia 2


Kristoren, Daviden semearen, autormen egiten dau Paulok.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 13, 16-17. 22-25

Egun hareetan, Paulo Pisidiako Antiokiara heldu zan eta, hango sinagogan sartuz, zutundu eta isiltzeko keinua eginda, berba egin eutsen: «Israeldarrok eta Israelgo Jainkoa gurtzen dozuen guztiok, entzun:
Israel herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu zituan, eta herria ugaritu eban, Egipton arrotz zirala, eta bere besoaren indar handiaz atara zituan handik.
Gero, David emon eutsen errege, beroni buruz autormen hau eginez: "Aurkitu dot David, Jeseren semea, nire gogoko gizona, nik gura dodan guztia beteko dauana".
Berbea emon ebanez, honen hazitik atara eutsan Jainkoak Israeli Salbatzailea: Jesus. Berau etorri baino lehen, Joan Bateatzaileak bihozbarritzeko bateoa iragarri eutsan Israel osoari. Eta bere bizitza amaitzera joianean, honan inoan Joanek: "Ez naz ni zuek uste dozuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naz inor haren oinetakoak askatzeko ere"».

Ebanjelioa


Daviden seme Jesu Kristoren jatorria.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 1, 1-25

[Abrahamen eta Daviden ondorengo dan Jesu Kristoren jatorri-liburua.
Abrahamek Isaak sortu eban, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren anaiak; Judak Tamarregandik Fares eta Zara sortu zituan, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rajabegandik Booz sortu eban, Boozek Rutegandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea.
Davidek, Uriasen emaztea izanagandik, Salomon sortu eban, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek, Babiloniako erbestealdian, Jekonias eta haren anaiak sortu zituan.
Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu eban, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, barriz, Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus, Kristo deritzona.
Beraz, hamalau gizaldi izan ziran guztira Abrahamegandik Davideganaino; hamalau gizaldi Davidegandik Babiloniako erbestealdiraino, eta hamalau gizaldi Babiloniako erbestealditik Kristoganaino.]
Jesu Kristoren sortzea honan jazo zan: Maria, Jesusen ama, Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoan, eta alkarregaz bizitzen jarri baino lehen, umedun geratu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, isilean iztea erabagi eban.
Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua azaldu jakon amesetan eta esan eutsan: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez izan bildurrik, Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko, Haregan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk "Jesus" ezarriko deutsazu izena, Berak salbauko dau-eta bere herria pekatuetatik».
Guzti hau jazo zan, Jaunak profetearen ahoz esandakoa bete zedin:
«Begira, birjineak sabelean sortu
eta semea izango dau,
eta "Emmanuel" ezarriko deutsoe izena».
(Emmanuel izenak "Jainkoa gugaz" esan gura dau).
Josek, lotatik esnatu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutsan lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea. Eta, ezkontza-hartuemonik izan barik, Mariak semea izan eban. Eta Josek "Jesus" ezarri eutsan izena.

Jaunaren Jaiotza

Irakurgaia 1


Lurbiraren bazter guztiek ikusiko dabe gure Jainkoaren salbamena.

Isaias Profetearen liburutik
Is 52, 7-10

Bai ederrak dirala mendi gainetan
albistariaren oinak!
Bakea iragarten dau,
zorionaren barri ona emoten
eta salbamena iragarten!
Sioni dinotso:
«Zure Jainkoa errege da»
Entzun zure zaintzaileen oihua!
Oihuka dihardue,
poz-irrintzika, guztiek batera;
euren begiz ikusten dabe-eta
Jauna Sionera bihurtzen.
Ekin poz-oihuka guztiok batera,
Jerusalemeko horma jausiok;
Jaunak bere herria kontsolatu dau-eta,
eta askatu dau Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi dau Jaunak
bere beso santuaren indarra,
eta munduko bazter guztiek ikusiko dabe
gure Jainkoaren salbamena.

Salmoa


Sal 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R/. Ikusi dabe lur-muga danak gure Jainkoagandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barri,
egin ditu-eta hainbat harrigarri.
Bere eskuinak emon deutso garaipena,
bere beso santuak. R/.

Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
Oroitu da bere maitasunaz,
Israel etxeari deutsan leialtasunaz. R/.

Ikusi dabe lur-muga danek
gure Jainkoagandiko garaipena.
Lur osoa, egiozu txalo Jaunari,
egin oihu eta irrintzi, egin eresi. R/.

Eresi Jaunari kitararekin,
kitara eta salterio ozenarekin;
turuta eta adar hotsean,
egin txalo errege dan Jaunaren aurrean. R/.

Irakurgaia 2


Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 1, 1-6

Askotan eta era askotara berba egin eutsen antzina Jainkoak Profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin ere Beraren bidez egin eban-eta mundua.
Bera da Jainkoaren aintzaren disdira eta haren izatearen irudia. Berak eusten deutse gauza guztiei bere berba indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena ere hareena baino goragokoa dan ezkero.
Izan ere, zein aingeruri esan deutso inoiz:
«Nire Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu»?
Eta beste behin:
«Aita izango nau Harek Ni
eta Seme izango dot Nik Ha»?
Bere Lehen-semea barriro munduan sartuazotean, dino:
«Gurtu begie Bera Jainkoaren aingeru guztiek».

Ebanjelioa


Berbea haragi egin zan, eta gure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 1, 1-18

Hasieran bazan Berbea,
eta Berbea Jainkoagaz zan,
eta Jainkoa zan berbea.
Berbea hasieran Jainkoagaz zan.
Gauza guztiak beraren bidez eginak dira,
eta egindakorik ezer ez da Ha barik egin.
Berbeagan zan bizia,
eta bizia gizakien argia zan;
argiak ilunpetan argi egiten dau,
baina ilunpeek ez eben onartu.
[Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.]
Berbea zan egiazko argia,
mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituana.
Munduan egoan
eta mundua haren bidez egina dan arren,
munduak ez eban ezagutu.
Bereakana etorri zan,
eta bereek ez eben onartu.
Onartu eben guztiei, barriz,
haren izenean sinesten dabenei, hain zuzen ere,
Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.
Honeek ez dira giza odoletik sortu,
ez eta giza nahieratik ere,
Jainkoagandik baino.
Eta Berbea gizon egin zan,
eta gure artean jarri eban bizilekua,
eta ikusi dogu haren aintza,
Aitagandik graziaz eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari jagokon aintza.
[Joanek Haretaz egin eban autormen, oihuka esanez: «Hau zan nik esan neban Ha: Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa zan-eta».
Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak emon deusku haren barri.]