Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 30-11-2020
Andres, apostolua

Irakurgaia 1


Esanetik dator sinestea; esangaia, barriz, Kristoren hitza da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 10, 9-18

Zeure ahoz autortzen badozu Jesus dala Jauna, eta zeure bihotzean sinesten badozu Jainkoak hilen artetik biztu ebala, salbauko zara. Izan ere, bihotzez sinesten dauana zuzentzat hartzen dau-eta Jainkoak, eta ahoz autortzen dauana salbau egiten da. Liburu Santuak dino: “Harengan sinesten dauana ez da lotsatan geldituko”.
Judu izan ala ez, ez dago bereizkuntzarik, bat bera da-eta guztien Jauna, dei egiten deutsoen guztientzat eskuzabala. Izan ere, “Jaunaren izenari dei egiten deutsona salbauko da”.
Zelan, ostera, dei egin, Harengan sinesten ez badabe? Zelan sinestu, haren entzuterik ez badabe? Zelan entzun, nork hots eginik ez bada? Zelan hots egin, hartarako bialdurik ez bada? Liburu Santuak dinoen leza: “Bai ederrak barri onak ekarten dabezanen oinak!” Ez deutsoe, ostera, danek harrera ona egin Barrionari. Isaiasek dino: “Jauna, nork sinestu dau gure mezua? “Beraz, mezutik dator sinestea, eta mezua Kristoren barri emotea da. Eta nik itauntzen dot: “Ez al dabe entzun?” Bai horixe: “Lurbira guztira zabaldu da hareen hotsa, munduaren bazterreraino hareen mezua”.

Salmoa


Sal 18, 2-3. 4-5

R/. Lur guztira zabaltzen da hareen ahotsa.

Zeruek Jainkoaren aintza dabe kontatzen,
ortziak haren eskuen lana iragarten.
Egunak egunari luzatzen deutso mezua,
gauak gauari jakinazoten. R/.

berba eta hitz barik:
entzun ezinekoa da hareen ahotsa.
Lurbira guztira zabaltzen da hareen hotsa,
munduaren bazterreraino hareen hizkerea. R/.

Ebanjelioa


Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egineutsoen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 4, 18-22

Aldi haretan Jesusek, Galileako itsasbazterrean zehar ebilela, anaia bi ikusi ebazan, Simon, Pedro deitua, eta haren anaia Andres sareak itsasoan botaten, arrantzaleak ziran-eta. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Nigaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aurreratxoago, beste anaia bi ikusi ebazan, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, aitagaz ontzian sareak konpontzen; eta dei egin eutsen. Hareek, bat-batean, ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen.