Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 28-11-2020
zapatua

urtean zehar, XXXIV. astea sábado

Irakurgaia 1


Ez da gehiago gaurik izango; Jainko Jaunak argituko ditu.

Apokalipsi liburutik
Ap 22, 1-7

Niri, Joani, ur biziko ibaia erakutsi eustan Jaunaren aingeruak, kristala baizen disdiratsua, Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik urteten ebana. Uriko plazaren erdian, ibaiaren ertz bietan, biziaren zuhaitza egoan; urtean hamabi uzta emoten ditu, hileko bat, eta zuhaitzaren orriak herrientzat osagai dira.
Han ez da aurrerantzean ezer madarikaturik izango. Urian Jainkoaren eta Bildotsaren tronua egongo da, eta Jainkoaren zerbitzariek kultu emongo deutsoe. Aurrez aurre ikusiko dabe, eta haren izena bekokian eroango. Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dabe kruseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo deutse-eta argi, eta errege izango dira gizaldien gizaldietan.
Aingeruak esan eustan: «Berba honeek egiazkoak eta fidagarriak dira. Jaunak, profetak inspiratu ebazan Jainkoak, bere aingerua bialdu dau, laster jazotekoa dana bere zerbitzariei erakusteko». Jesusek dino: «Hara, laster nator. Zorionekoa liburu honetan emoten dan mezu profetikoa gordeten dauana!»

Salmoa


Sal 94, 1-2. 3-5. 6-7abc

R/. Maran tha! Zatoz, Jesus Jauna!

Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harkaitzari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
Egin deiogun jai txalo eta kantuekin. R/.

Jainko handia da-eta Jauna,
jainko guztien gain errege handia;
bere esku daukoz lurpeko leizeak,
bereak ditu mendi-gailurrak;
berea dau itsasoa, Berak egina,
baita lehorra ere, bere eskuz moldatua. R/.

Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu Harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.

Ebanjelioa


Egon beti zuhur, etorri behar daben guzti horreei ihes egin ahal deiozuen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 21, 34-36

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Ibili zaiteze kontuz! Ez beitez moteldu zuen bihotzak hordikeriaz, mozkorkeriaz eta bizitza honetako kezkaz, egun ha uste barik gainera etorri ez dakizuen, sarea lez etorriko da-eta lurrean bizi diran guztien gainera. Beraz, egon zuhur eta egin otoitz une guztietan, etorri behar daben guzti horreei ihes egin ahal izan deiozuen eta zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean».