Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 10-11-2020
martitzena

urtean zehar, XXXII. astea martitzena

Irakurgaia 1


Jainkozaletasunez bizi gaitezan,Jesu Kristo gure salbatzaile eta Jainkoaren agertze ospetsua itxaroten dugula.

San Paulo Apostoluak Titori egindako gutunetik
Tt 2, 1-8. 11-14

Anaia maite: Irakatsi egizu doktrina osasungarria.
Adineko gizasemeak izan daitezala neurritsuak, agurgarriak, zentzundunak, eta fedean, maitasunean eta eroapenean jatorrak. Adineko emakumeak ere fededunari jagokon portaerea izan dagiela; ez daitezala txarto-esaleak eta ardoari emonak izan, onaren maistra baino, neska gazteei euren senarra eta umeak maitatzen irakatsi deien, eta zentzundun, garbi, etxekoandre on, bihotz oneko eta euren senarren menpeko izaten lagundu deien. Holan, ezin izango dau inork Jainkoaren berbea iraindu.
Aholkatu mutil gazteak zentzundun izan daitezan, gauza guztietan zeu egintza onen eredu agertuz: irakaspen garbiko eta gizabidetsu; berba egin jator eta inork ez kritikatzeko eran, kontra dagozanak lotsatan gelditu daitezan, gutaz txarto berba egiteko egokiera barik.
Izan ere, agertu da Jainkoaren grazia, gizon-emakume guztientzat salbagarri. Honek Jainko bako bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten irakasten deusku, eta neurriz, zuzentasunez eta jainkozaletasunez mundu honetan bizitzen, gure itxaropen zoriontsua noiz beteko zain, Jesu Kristo Jainko handia eta gure salbatzailea aintzaz beterik noiz agertuko zain. Harek bere burua emon eban gugaitik, gu gaiztakeria guztietatik askatu eta garbi egiteko, beraren herri berezia izan gaitezan, on egin zale.

Salmoa


Sal 36, 3-4. 18 eta 23. 27 eta 29

R/. Zintzoak salbamena Jaunagandik dabe.

Izan konfiantzea Jaunagan eta egin on dana,
bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.
Izan bedi Jauna zure atsegina,
eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.

Jauna arduratzen da zintzoen bizitzaz,
betiko iraungo dau hareen ondareak.
Jaunak sendotzen ditu gizakiaren urratsak,
eta atsegin dau haren bidea. R/.

Alde gaitzetik, egin on dana,
eta beti izango dozu non bizia;
zintzoak izango dira lurraldearen jabe,
eta bertan biziko dira beti. R/.

Ebanjelioa


Morroi alperrekoak gara; egin behar genduana egin dogu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 17, 7-10

Aldi haretan, Jaunak esan eban: «Emoizue, zuetako batek morroia dauala solo-lanean edo artzantzan. Morroia etxeratzean, “Hator behingoan mahaira” esaten ete deutso? Ez ete deutso beste hau esaten: "Prestau egidak afaria, jantzi amantala eta zerbidu nagik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok heuk?" Morroiari esker ona zor ete deutso, agindua bete daualako?
Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: "Morroi gizajoak gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin"»