Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 09-11-2020
Letrango Basilizaren urteurrena

Irakurgaia 1


Ura ikusi neban tenplutik urteten, eta ur hori heldu jaken guztiak salbatu egin ziran.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 47, 1-2. 8-9. 12

Egun hareetan, tenpluko sarrerara eroan ninduan gizonak. Ura ikusi neban tenpluko ate azpitik urten eta sortaldera joaten, tenplua sortaldera begira egoan-eta. Ura tenpluaren eskumaldetik jaisten zan, altarearen hegoaldera. Gero, iparraldeko atetik urtenazo ninduan, eta kanpotik bihurtu eginazo eustan sortaldera begira egoan sarreraraino. Eskumaldetik joian ura isurian.
Gizonak esan eustan: «Ur hau sortaldera doa, Araba haranera jaisten da eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo ditu. Ibaia helduko dan edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango da; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko dau doan toki guztietan.
Ibaiaren ertz bietan, mota guztietako frutarbolak haziko dira; ez jaken orririk jausiko, eta eten barik emongo dabe frutua, hilero emonaldi bat, santutegitik sortzen dan urak ureztatzen ditu-eta. Frutuak janari izango dira, eta orriak sendagai».

Salmoa


Sal 45, 2-3. 5-6. 8-9

R/. Ibai-besoak alaitzen dabe Jainko-uria, Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.

Jainkoa dogu babesleku eta indar,
edozein larrialditan laguntza azkar.
Horregaitik ez dogu bildurrik,
nahiz eta lurrak dardara egin
edota mendiak itsas hondora amildu. R/.

Ibai baten adarrek alaitzen dabe Jainkoaren uria,
Goi-goikoaren bizileku guztiz santua.
Jainkoa dau erdian, ez dau koloka egiten,
goiz-goizetik laguntzen deutso Jainkoak. R/.

Jaun ahalguztiduna geugaz dogu,
Jakoben Jainkoa gure babesleku!
Zatoze eta ikusi Jaunaren egintzak,
lurrean eragin dituan aldaketak. R/.

Irakurgaia 2


Jainkoaren etxe zaree.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 3, 9b-11. 16-17

Senideok: Jainkoak eregiten dauan etxe zaree zuek. Jainkoak emon deustan dohaiaren arabera, nik oinarria ipini dot, etxegile trebeari jagokonez; baina beste batek eregiten dau etxea. Ikusi begi bakotxak zelan eregiten dauan. Inork ez daike ipinita dagoan oinarria besterik ipini; eta oinarri hori Jesu Kristo da.
Ez al dakizue Jainkoaren tenplua zareela eta Jainkoaren Espiritua zuekan bizi dala? Jainkoaren tenplua hondatzen dauana, hondatu egingo dau Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua da-eta: tenplu hori zeuek zaree.

Ebanjelioa


Bere gorputzaren tenplua esan gura eutsen.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 2, 13-22

Aldi haretan, hurrean zan juduen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukalariak han jesarrita. Jesusek, lokarri-zartailu bat eginez, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
Orduan juduek itaundu eutsoen: «Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunetan jasoko dot». Juduek erantzun eutsoen: «Berrogeita sei urte behar izan ziran tenplu hau eregiteko, eta Zuk hiru egunetan jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
Hilen artetik berbiztu zanean, gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinestu eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako berban.