Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 07-11-2020
zapatua

urtean zehar, XXXI. astea zapatua

Irakurgaia 1


Danetarako badot indarra, indartzen nauan Haregan.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 4, 10-19

Senideok: Poz handia hartu dot kristau lez, niganako dozuen ardurea nabarmen agertu dalako; bazenduen lehendik ere, baina agertzeko aukerarik ez. Ez dinot hau ezeren beharrizanean nagoalako, edozein egoeratan neurez moldatzen ikasia nago-eta.
Badakit urritasunean nahiz ugaritasunean bizitzen; edozein egoeratako zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari eukitera nahiz beharrizanera. Dana daiket indartzen nauan Kristogan. Edozelan ere, ondo egin zenduen nire atsekabean zeuen alkartasuna agertzean.
Zuek filipoarrok, badakizue, Barriona zabaltzen hasi barrian Mazedoniatik urten nebanean, eleiz alkarte bat ere ez zala nire gastuen kargu egin, zuek izan ezik; Tesalonikan nintzala ere behin eta birritan bialdu zeunsten neure preminetarako behar nebana. Ez uste izan neuretzat mesede bila nabilenik; zuen kontua handitzea gura dot. Hartu dot, bada, dana, eta larregi daukot; oso ondo hornituta nago, Epafroditoren eskuz bialdu deustazuena hartu ondoren. Jainkoak atseginez onartzen dauan oparia da zuen emoitza.
Ordainetan, nire Jainkoak oparo beteko dau zuen urritasun guztia, bere aberastasunen arabera Kristo Jesusegan.

Salmoa


Sal 111, 1-2.3-4.5-6.8a eta 9

R/. Zorionekoa Jaunari begirune diona.

Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona,
haren aginduak bizi maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

Pertsona onak errukitu eta emon egiten dau,
eta zuzen atontzen ditu bere arazoak.
ez dau inoiz koloka egingo;
zintzoaren oroitzapenak beti bizirik dau iraungo. R/.

Seguru dau bihotza, bildur barik.
Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau:
ohorez jasoko dau bekokia. R/.

Ebanjelioa


Okerreko diruagaz leial izan ez bazaree, nork itzi zuen esku benetako ondasunak?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 16, 9-15

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Irabazi egizuez adiskideak bidebako dirutik, diruz; holan, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaitue Jainkoak. Gauza txikietan fidagarria dana, handietan ere fidagarria da, eta gauza txikietan zuzenbagea dana, handietan ere zuzenbagea. Bidebako dirua erabilten fidatzekoak izan ez bazaree, nork itzi zuen esku ondasunak? Zeuena ez dozuen aberastasunagaz fidatzekoak izan ez bazaree, nork emon benetan jagotzuena?
Ezin da morroi bat nagusi biren zerbitzaria izan. Izan ere, bata gorroto izango dau, eta bestea maite; edota bati leial izango jako, eta bestea ez dau aintzat hartuko. Ezin zaree Jainkoaren eta diruaren morroi izan».
Entzun eben guzti hau diruzaleek, eta barre egiten eutsoen Jesusi. Honek esan eutsen: «Zuek zeuen buruak zintzotzat agertzen dozuez jentearen aurrean, baina ezagutzen dau Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukona, Jainkoarentzat iguingarria da».