Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 26-10-2020
astelehena

urtean zehar, XXX. astea astelehena

Irakurgaia 1


Ibili zaiteze maitasunean Kristoren antzera.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 4, 32—5, 8

Senideok: Izan zaiteze alkarrentzat on eta bihozbera, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristoren bitartez parkatu eutsuen lez.
Izan zaiteze, beraz, Jainkoaren antzeko, beraren seme-alaba maite zareen ezkero. Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera, Berak maite izan ginduzalako eta bere burua gure alde emon ebalako, Jainkoak atseginez onartzen dauan oparitzat eskeiniz.
Aitatu ere ez egin zuen artean lizunkeria edota ezelako bizio eta zalekeriarik, fededunei jagokenez; ezta gordinkeria, kirtenkeria edota zorakeriarik ere, guzti hori ez da-eta itxurazkoa. Bestela baino, emon eskerrak Jainkoari. Jakizue lizun, zikin eta grina txarreko bakar batek ere —holakoa sasijainkozalea da-eta— ez dauala Kristoren eta Jainkoaren erreinuko ondarean parterik izango.
Ez zagiezala inork sasi-argudioekin liluratu, horretxek erakarten dau-eta Jainkoaren hasarrea errebeldeen gainera. Ez izan holakoen kide. Izan ere, sasoi batean ilunpe zineen; orain, barriz, argi zaree Jaunari esker. Ibili zaiteze, beraz, argiaren seme-alaba lez.

Salmoa


Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6

R/. Izan gaitezan Jaungoikoaren antzekoak,Haren seme-alaba garan ezkero.

Zorionekoa gaiztoen aholkuari jarraitzen ez deutsona,
pekatarien bidean ez dabilena,
ezta lotsabakoen batzarrean jesarten ere;
Jaunaren legean atsegin dauana baino,
haren legea gau eta egun hausnartzen dauana. R/.

Ur-ertzean landaturiko zuhaitzaren antzekoa da:
emoten dau bere sasoian frutua,
eta ez jako orririk ihartzen;
egiten dauan guztiak ondo deutso urteten. R/.

Ez holan gaiztoak, ez holan,
haizeak daroan galautsaren antzeko dira.
Jaunak zaintzen dau zintzoen bidea;
gaiztoena, barriz, galdu egiten da. R/.

Ebanjelioa


Abrahamen alaba hau, ez al zan bidezko, lokarri horretatik zapatuz askatzea?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 10-17


Aldi haretan, zapatuz sinagoga batean irakasten ziharduan Jesusek. Bazan han emakume bat, hamazortzi urte hareetan espiritu baten menpe gaixo egoana: guztiz konkortuta egoan eta ezin zan ezelan ere zuzendu.
Ikustean, Jesusek deitu eta esan eutsan: «Emakume, gelditu zaitez libre zeure gaitzetik». Eskuak ezarri eutsazan, eta bat-batean zuzendu zan eta Jainkoa goresten hasi.
Sinagogako buruzagiak, Jesusek zapatuz osatu ebalako hasarre, esan eutsan jenteari: «Astean sei egun dagoz lanerako; etorri egun horreetan osatzera, eta ez zapatuan».
Jaunak erantzun eutsan: «Itxurazaleok! Zuetako nork ez dau zapatuz idia nahiz astoa kortatik askatzen eta ura edatera eroaten? Eta Abrahamen ondorengo dan honi, hamazortzi urtez Satanasek lotuta euki dauan honi, ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?»
Berba honeekin, lotsa-lotsa eginda geratu ziran Jesusen arerio guztiak; jentetza, ostera, pozik egoan Harek egiten ebazan gauza miragarri guztiakaitik.